Maritxu Paulus Basurko abokatuak hala eskatuta, Xabier Irastortza, Markos Sagarzazu eta Iñaki Telletxearen euroagindu eskaerari buruzko erabakia apirilaren 24 arte atzeratzea erabaki du Paueko Auzitegiak. "Defentsa hobe prestatzeko" egin du eskaera hori abokatuak, eta epaimahaiak eta prokuradoreak ez dute eragozpenik jarri.
Irastortza, Sagarzazu eta Telletxea joan den astean atxilotu zituen Frantziako Poliziak-Hendaian atxilotu zituen bi, eta hirugarrena Donibane Lohizunen-, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz. 1995ean ETAko kide izatea eta Espainiako zein Herrialde Katalanetako errepideetan lehergailuak jarrita kalte materialak eragitea leporatzen die.
Hiru lagun horiek lehendik ere egonda daude preso. Telletxea 2001ean atxilotu zuten, eta 5 urteko zigorra ezarri zion Parisko Auzitegiak. Zigorra beteta, 2005ean aske utzi zuten eta Espainiako Estatuko mugara eraman. Han ez zuen inork atxilotu.
Irastortza eta Sagarzazu, berriz, 2002an atxilotu zituzten, Lapurdin, eta Paueko Auzitegiak atzera bota zuen 2003an haien kontrako estradizio eskaera. Izan ere, haien kontrako akusazioak Iratxe Sorzabalek torturapean egindako adierazpenetan oinarritzen zirela argudiatu zuen defentsak, eta zalantza hori atzera botatzea ezinezkoa zela ebatzi zuen epaimahaiak.
Irastortzak, Sagarzazuk zein Telletxeak bizimodu arrunta egiten zuten Hendaian atxilotu zituztenean.
Atxilotuak
Irastortza, Sagarzazu eta Telletxearen aurkako euroaginduari buruzko erabakia atzeratu egin dute
Defentsak eskatu du atzerapena, eta apirilaren 24an erabakiko du auzia Paueko Auzitegiak. Irungoak (Gipuzkoa) dira hirurak, eta bizimodu arrunta egiten zuten Lapurdin joan den astean Frantziako Poliziak atxilotu zituen arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu