Iratzarri gazte erakundeko Mikel Anderez eta Leire Martinez kideek prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Donostian, eta berretsi dute "mugimendu independente bat" direla, zenbaitek hori horrela ez dela esaten badute ere. Iratzarrik Aralarrekiko lotura ez duela hautsi esaten dutenek salatzen dute banantzeko erabakia ez zela izan "demokratikoa".
Iratzarriko kideen arabera, haien ekarpena baliotsuagoa izango da "hauteskunde logikaren menpe" jartzen ez badira, eta ohartarazi dute ez daudela arduratuta haien "izena zikintzeko saioekin".
"Izena zikintzeko saioek ez gaituzte arduratzen, sinisten dugun eta positibo den zerbaiten alde egiten dugulako eta ez dugulako inoren aurka egiten, gure ideien alde baizik", esan dute.
"Zubiak eraikitzearen alde eta perfektua izango ez den elkarrizketa prozesu baten alde" egingo dutela berretsi dute, baita "Euskal Herriaren independentziaren alde" ere.