Ireki den aukera berriari heltzeko eskaera egin dute Londresen

Euskal auzia eztabaidatu dute Westminsterreko legebiltzarrean diputatuek, lordek eta hainbat gonbidatukCurrinek negoziazioaren bidea defenditu du, Barredok gatazka dagoela ukatu du

Atzo, Westminsterreko legebiltzarrean izan zen eztabaidaren une bat. BERRIA.
Koldo Aldabe.
Londres
2011ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Eztabaida luzea eta mamitsua izan zen atzo Erresuma Batuko Legebiltzarrean euskal auziaz. Ordubetez, Brian Currin abokatu hegoafrikarrak eta Askatasunerako Fundazioko ordezkari Guillermo Barredok Euskal Herriaren erradiografia egin zuten, baina gero irekitako galde erantzunen eta gainerako interbentzioen txandak Euskal Herrian ireki den aukera berria aprobetxatzeko aldarrikapen bihurtu zuen ekitaldia.

Euskal Herrian bakerako eta normalizazio politikarako aro oso garrantzitsua zabaldu dela, aurrekaririk gabeko oinarriekin, defenditu zuen Currinek. ETAren su-etenaren berezitasuna azpimarratu zuen: orokorra, iraunkorra, egiaztagarria eta alde bakarrekoa. Azken horri eman zion garrantzia atzokoan, baldintzarik gabekoa dela alegia. Ezker abertzaleak Sorturen bidez abiatutako bideak ere aurreko erakundetze motekin haustura dakarrela esan zuen, eta erabaki horrek atzera biderik ez duela konbentzituta agertu zen. Nazioartearen konpromisoa ere aipatu zuen aurreko bi erabaki horien garante bezala. Horregatik, defendatu zuen Sortu legalizatu egin behar dela, eta konbentzituta agertu zen etorkizun ez oso luzean, ETAk urratsak egingo dituela desarmerako bidean.

Espainiako Gobernuak atzoko hitzaldiaren antolatzaileak presionatuta hartu zuen parte Guillermo Barredok. Batzordeko lehendakari Simon Hughes diputatu demokrata liberalak berak aitortu zuen Gobernuaren eta Enbaxadaren bitartez «iradoki» zietela Barredoren parte hartzea. Askatasunerako Fundazioko kideak onartu zuen bera ez zela oso pertsona ezaguna, baina argi utzi nahi izan zuen ez zela Espainiako Gobernuaren izenean mintzatzen ari. Fundazioko kide gisa, Currinen eta Nazioarteko Harreman Taldearen lana deitoratu zuen Barredok. Euskal Herrian auzi bakarra ETAren indarkeria zela esan zuen, eta hori amaituta auzirik ez legokeela ez bada komunitate batek —abertzaleak—bestearen —ez abertzalea— gainean jartzeko ahalegina, eta besteak beste Ibarretxe plana aipatu zuen azken horren adibide gisa.

Euskal Herrian egun diren bi ikuspegiak nahikoa ongi islatuta geratu ziren beraz.

Diputatu unionistaren lezioa

Currinek eta Barredok eskainitako azalpenen ostean, Hughesek Gorka Elejabarrietari, ezker abertzaleko ordezkariari hitza eman zion. Ezker abertzaleak «bake eskenatokia sortzeko eginiko alde bakarreko urratsak» alde askotarikoen parte hartzea ahalbidetuko duen eskenatokia deseatzen dutela esan zuen Elejabarrietak.

Baina ziurrenik interbentziorik deigarriena Irlandako iparraldeko DUP alderdi unionistako diputatu Jeffrey Donaldsonek eginikoa izan zen. Barredoren diskurtsoa oso ezagunazitzaiola esan zuen, bere alderdiak eta berak ere jarrera bera izan zutelako Irlandako bake prozesuaren hasieran. Ez zuten elkarrizketetan parte hartu, eta damu zela aitortu zuen hasieratik engaiatu ez izanaz. «Gure esperientziak zer edo zer erakutsi baldin badigu, elkarrizketaren beharrezkotasuna izan da. Hamar urte behar izan genituen egindako hanka sartzea onartzeko. Zuei eskatzen dizuet gugandik ikas dezazuen eta ez dezazuen errepikatu guk egindakoa».

Elkarrizketari beldurrik ez izateko errepikatu zuen behin eta berriro eta aukera ez galtzeko eskatu zuen, hurrengo belaunaldiek ez dietelako barkatuko .

Forotik ere deia

Gatazken auzietarako parlamentarien forotik ere deia egin zuten Euskal Herrian orain ireki den aukerari heltzeko. «Foro honetan dugun esperientziatik esan dezakeguna da elkarrizketa ezinbestekoa dela gatazkak konpontzeko eta nazioarteko bitartekaritza eta laguntza funtsezko direla», esan zuen Hughesek.

Londresen bizi diren euskal herritar zenbaitek ere hartu zuten parte eztabaidan.Denek eskertu zioten Currini bere ahalegina eta denek eskatu zioten Barredori elkarrizketa ez baztertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.