Hasi da atzerako kontaketa". Hala eman dio hasiera Xabier Gojenola Errigorako kideak Erriberako produktuz beteriko saskiak eskatzeko epeari. Atzotik hasita, hain zuzen, hamasei egunez Euskal Herri osoko 425 tokitan egonen da Errigorako saskiak eskatzeko aukera, 50 euroren truke. Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean eman diote hasiera kanpainari.
Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka lelopean abiatu dute udazkeneko kanpaina, bikoitza baita proiektuaren helburua: alde batetik, bertako nekazaritza sustatu nahi dute, eta, bertzetik, euskalgintzari hauspoa eman. Hala, saski bakoitzetik ateratzen duten irabazien %25 ikastolak, AEK eta Euskaraz Bizi eta Ikasi herri ekimena laguntzeko bideratuko dituzte.
Joan den urteko banaketaren balorazio positiboa egin du Gojenolak. Izan ere, 8.000 saskitik gora banatu zituzten, eta, hala, 112.000 euroren irabaziak lortu. "Bide onetik" doazela erran du proiektuko kideak, eta aurten ere saski ugari banatzea espero dutela adierazi du: "Iazkoa txiki geldituko da". Horretarako, herritarrei eskatu die proiektua zabaltzeko konpromisoa hartzeko: "Zuek zarete proiektuaren giltza; behar-beharrezkoak zaituztegu". Ahoz ahoko komunikazioaren bidez Errigoraren berri emateko eskatu die herritarrei.