Gasteiz-Eibar autopista (AP-1) gaur 17:00etan ireki dute trafikoarentzat, Arrasate eta Eskoriatza (Gipuzkoa) zatiko obrak amaitutzat eman ondoren. Duela hamar urte ekin zioten autopista eraikitzeko lanei.
Goizean Arrasaten egin dute azpiegitura berriaren inaugurazioa eta bertan izan dira Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Rafaela Romero Batzar Nagusietako presidentea. Hala ere, arratsaldera arte ez dute autoentzat zabaldu.
Autopista berriak 32 kilometro ditu eta Debako bailara zeharkatzen du, Eibartik Gasteizera. Guztira, 11 tunel eta hamabi zubibide eraiki behar izan dituzte. Bide erdia baino gehiago -17 kilometro- tunel azpitik edo zubibidetatik igarotzen da.
Duela hamar urte ekin zioten Maltzaga-Bergara zatiko obrei. Eskoriatza-Isuskitza eta Arrasate-Eskoriatza zatikoak, aldiz, 2006ko urtarrilera arte ez zituzten hasi eta aurten amaitu dituzte.
AP-1 eraikitzeko 700 milioi euro baino gehiago behar izan dituzte.
Autopista berriaren irekierarekin batera, ordainlekuak ere martxan jarri dira gaur. Gasteiztik Donostiara bidaiatzeak, esaterako, 9,77 euro balioko ditu eta Gasteiztik Eibarrera 5,95 euro. Nolanahi ere, eguneroko erabiltzaileei beherapenak egingo zaizkie, hilero egiten dituzten joan-etorrien arabera.
Gizartea
Ireki dute Gasteiz eta Eibar lotu dituen autopista
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu