durangoko azoka

Ireki dute 'Zentsura' gaitzat duen azoka

Ohikoa den bezala, ikasle eta sektoreko profesionalen eguna izango da gaur Durangoko Azokan, baina, ez dute akreditazio berezien beharrik izango Landako eraikinera sartzeko, lehen egunetik egongo baitira ateak zabalik jende guztiarentzat. 10:30ean ireki dituzte Landako eraikineko ateak. Hala ere, jende uholdea bihartik aurrera espero da. Aurten, 'Zentsura' hartu dute gai nagusi.

2005eko abenduaren 7a
14:48
Entzun
Euskal Liburu eta Diskoen Durangoko 40. Azokak atzo eta gaurko zentsura izango du gai nagusi. Hala, Joan Mari Torrealdai Jakin aldizkariko zuzendariak egingo du sarrera hitzaldia, gaur, arratsaldeko zazpietan. Zentsura frankistaren irakurketa gaurkotua egingo du, aldamenean Gerediaga elkarte antolatzaileko kideak eta Durangoko eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundietako ordezkariak dituela.

Azokak iraun bitartean, zentsuraren hainbat alderdiri erreparatuko diete zenbait sortzailek. Xabier Paia bertsolariak Zentsura bertsolaritzan edo kristalezko eskailera berbaldia emango du (bihar), eta Angel Mari Unzueta Bizkaiko Elizbarrutiko bikarioak Eliza eta zentsura (bihar). Fermin Muguruza musikariak Hegoak ebaki gabeko kantua izenburuko hitzaldia emango du (etzi). Joxe Felix Azurmendi eta Carmelo Otaegi kazetariek Komunikabideak eta zentsuraren begia gaiaren inguruko solasaldia emango dute (abenduak 10).

Argizaiola saria Gotzon Garateri

Argizaiola saria Gotzon Garate hizkuntzalari eta idazleak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1934) jasoko du. Euskarari buruzko ikerketa ugari egin ditu Garatek, eta, horretaz gainera, Indiara eta AEBetara eginiko bidaien liburuak eman ditu argitara. Literatur obra oparoa ere badu; ipuin bildumak eta nobela poliziakoak idatzi ditu. Aurtengo Azokara liburu berri bi eramango ditu: Lauaxeta menderik mende (Mendebalde Kultura Alkartea) eta Euskara bikaina ipuinetan (Gero-Mensajero).

Garate ez da izango Azokara bilduko den idazle bakarra. Gaurtik hasita, hainbat idazle izango dira salmahaietan beren azken obrak sinatzen. Izan ere, nobedade ugari ekarriko ditu Azokak, gaurtik abenduaren 11ra. Orotara, 309 erakusmahai izango dira. 163 argitaletxek, disketxek eta bestelako elkarte eta erakundek parte hartuko dute. Eta guztien artean, 477 produktu berri aurkeztuko dituzte. Horietatik 361 liburuak dira; 34, diskoak; 43, DVDak; 49, aldizkariak, eta 10, bestelako produktuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.