Uztailaren 20an Bilbon egindako osoko bilkuran izendatu zituen Euskaltzaindiak hamabi euskaltzain urgazle berri, eta tartean da Irene Arrarats BERRIAko euskara arduraduna. Euskaltzaindiko batzorde eta lantaldeetan aspalditik lanean ari diren hamabi pertsona izendatu dituzte oraingoan euskaltzain urgazle. 2016an izendatu zituzten azkenekoak.
Arrarats 2007tik ari da Euskaltzaindian. Hiztegi Batuaren lantaldean, Exonomastika batzordean, Euskara Batuaren Eskuliburuan eta Euskaltzaindiaren Hiztegia-Adierak eta Adibideak lantaldean aritu da, bertzeak bertze. 2003az geroztik, BERRIAko euskara arduraduna da, eta estilo liburuaren zuzendaria. 1999tik itxi arte, Euskaldunon egunkaria-ko euskara arduradun izan zen, eta 1991tik 1999ra estilo zuzentzaile eta itzultzaile.