Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan lortutako garaipenak emandako lasaitasunarekin, gaur hasi du EAJk gainerako alderdiekin iragarritako bilera sorta. Aurrena, EH Bilduko ordezkariekin bildu dira EBBko buru Andoni Ortuzar eta Iñigo Urkullu lehendakarigaia. Koalizio subiranistaren izenean, Arnaldo Otegi, Miren Larrion, Maddalen Iriarte eta Jasone Agirre joan dira batzarrera. 11:30ean hasita, ordu eta erdiz baino gehiagoz aritu dira hizketan.
Bileraren ostean Miren Larrionek eta Maddalen Iriartek adierazi dutenez, ikusi dute "badagoela akordiorako aukerarik EAJrekin". Batzarra "modu adeitsuan" egin dute, Iriarteren esanetan, eta kanpainan egindako eskaintza berretsi diete jeltzaleei, bakegintza, erabakitzeko eskubidea eta justizia soziala ardatz hartuta. Otegik, dena den, aitortu du ezberdintasunak ere badaudela bien artean: "Agerikoa da ezberdinasun asko daudela, eta hainbat adostasun eta desadostasun posible egon litezkeela hiru arlo horietan".
"Diagnosi bat partekatzen saiatu gara: akordio zabalak egiteko beharra dagoela legealdi honetan, herri gisa aurreratu nahi badugu", esan du Larrionek. EH Bilduko ordezkariek azaldu dute Ortuzarrek eta Urkulluk hamar puntuko dokumentu bat eman dietela, eta "erabakitzeko eskubidea" ez dagoela lehentasun horien artean, "autogobernua" baizik. Hala ere, horri garrantzia kendu nahi izan dio Otegik: "Badugu denbora horretaz guztiaz hitz egiteko". EH Bildukoek, berriz, Denon Herria proposamena helarazi diete jeltzaleei. Iriarte: "Truke gehiago izateko bidea irekita utzi dugu".
"Madrilen ezetz esaten badu, zer?"
Otegik atzo berretsi zuen hiruko itun bat egiteko asmoa. Elkarrekin Podemosek esana du, printzipioz, oposizioan ikusten duela bere burua. Atzo, Radio Euskadin egindako elkarrizketan, EAJri mintzatu zitzaion gehienbat Otegi. "Ez daukagu formula itxirik", esan zuen: "EAJri dagokio bidea markatzea, boto gehien jaso duen alderdi gisa, eta guk esaten diegu haiekin joango garela Madrilera, baina Madrilek ezetz esaten badu, zer egingo dugu?".
Ortuzarrek zalantzak agertu zituen asteartean koalizioaren inguruan, eta horri ere erantzun dio Otegik: "PSE-EErengan konfiantza handiagoa duzue, 30 urtez Gernikako Estatutua bete ez badute ere? Fidagarriagoak dira?".
"Egonkortasuna"
Jeltzaleen aldetik, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Unai Rementeria Bizkaikoa izan ziren atzo gaiaz hitz egin zuten bakarretakoak, batzar nagusietan. EAJren eta PSE-EEren arteko itunak Gipuzkoako diputazioko gobernuari "egonkortasun instituzionala" eman diola nabarmendu zuen Olanok: "Eusko Legebiltzarrerako bozetako emaitzek egonkortasunaren eta akordioaren jokaleku politiko hori sendotu dute".
Horren haritik jo du Rementeriak ere. Nahi bada, argiagoak izan ziren haren hitzak: "Bizkaiak egonkortasunaren alde eman du botoa", esan zuen: "Gobernu hurbil eta umila gara, erabakiak hartu eta erronka berriei aurre egiten diena. Hori da hiritarrek nahi dutena; bestela, beste modu batera emango zuten botoa".
Hurrengo bilerak
Bihar jarraituko du EAJk bilerekin. Elkarrekin Podemos koalizioko kideekin bilduko dira, goizean. Jeltzaleek astelehenerako egin dute hitzordua PSE-EErekin, eta asteartean bukatuko dituzte bilerak, PPrekin.