Euskal presoak. Bisita Sevilla II.ra

Iriarte: "Presoen aurkako jazarpena gutxitu bada ere, egoera gogorra da oraindik"

Sevilla II espetxeko 11 euskal presoen egoera bertatik bertara ezagutzeko asmoz, bertara joan dira gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Lohitzune Txarola eta Giza Eskubideen Batzordeko buru Inko Iriarte.

Giza Eskubideen Batzordeko buru Inko Iriarte eta Gipuzkoako Batzar Nagusitako presidente Lhitzune Txarola, Sevillako espetxe aurrean, atzean Polizia dutela. BERRIA
arantxa elizegi egilegor
2015eko urtarrilaren 17a
08:10
Entzun

Ez da erraza izan iaz onartutako bisita aurrera eramatea, Lohitzune Txarolak berak salatu duenez, hainbat oztopo jarri dizkietelako instituzioetatik. Azkenean, ordea, gaur goizean izan dira Sevillako (Espainia) presondegian Batzar Nagusietako presidentea eta giza eskubideen batzordeko ordezkaria. Iriartek BERRIAri azaldu dionez, senideekin batera autobusean egin dute bidaia "haiek egunero bizi duten sufrimendu areagotua" ezagutzeko.

Euskal presoen egoera salatu du Iriartek: "Egia da iaztik hona murriztu egin dela haien aurkako jazarpena. Gogorren hartzen zituzten funtzionarioetatik bi aldatu egin dituztela esan digute. Baina, hala ere, egunean 20 ordu ziegan egiten dituzte. Isolatuta bizi dira, besteengandik bananduta". Krisiak berak ere eragina izan du haien egoeran, izan ere, azken urtean murrizketak egin ditu espetxe zuzendaritzak bai elikadura arloan eta baita osasunean ere: "Medikuek atearen beste aldetik aztertu behar dituzte. Izugarria da".

Preso politikoen isolamendu egoerari gehitu behar zaio, preso komunak bakartzen dituztenean —"maiz arazo psikologikoak izaten dituzte horiek"—, haiei laguntzea egokitzen zaiela euskal presoei, "espetxe politiken gabezien ondorioz".

Egoera honetan, presoek aurrez aurreko bilera eskatua zioten kartzelako zuzendaritzari euren baldintzen hitz egiteko, baina hark ukatu egin zien. Erantzun bera jaso dute Txarolak eta Iriartek ere hitzordua eskatzeko ahalegina egin dutenean.

Dena den, "indartsu, irribartsu eta tinko" aurkitu dituzte Sevilla II. kartzelako 11 euskal presoak: "Esker oneko hitzak izan dituzte Euskal Herritik jasotako elkartasun keinuen aurrean". Iriarteren arabera, hiru dira une honetan euren aldarrikapen nagusiak: lehenik eta behin Sevillan dauden bitartean euren giza eskubideak errespeta ditzatela; bigarrenik, Euskal Herrira gertura ditzatela; eta hirugarrenik, etxera ditzatela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.