Argibideak ematekoa zen, LOMCErekin zer aldatuko den azaltzekoa. Ezer ez dela kanbiatuko, hori zuen mezua, ordea. «Ez dugu esperimenturik egingo, ez apartekorik ere». Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak hori erantzun zuen atzo parlamentuan, oposizioko taldeek irailean zer gertatuko den argitzeko eskatu ziotenean. Guztia ondo dagoela erantzun zien. «Txapeldunen ligan gaude, buruan. Eta, ondo zoazenean, arriskutsua da errotazioak egitea». Ezarri egingo du erreforma, hala ere. «Curriculum aberasgarriagoa» izango duela adierazi du.
Denbora eskas dela aitortu du kontseilariak, baina ez du «kezkarik» horrekin. «Lana bai». Apiril hondarrean, eta behin betiko curriculum dekretuak argitaratu gabe daude. Oposizioak kontuak eskatu dizkio, irailean nola hasiko diren LOMCE ezartzen. «Alarma sortu nahi duzue, baina, zinez, ikastetxeetan ez dago alarmarik».
Normaltasun irudia agertu du Iribasek: liburuak ez dituzte aldatuko, ordutegiak ere ez, Musika ikasgaiari eutsiko diote —kolokan jarri zuen Madrilek—... Curriculuma aldatuko da, ordea. Ikasleek bi azterketa egingo dituzte Lehen Hezkuntzan, 9 eta 12 urterekin. «Legea bete egin behar dugu». Xehetasunik ez du eman.
Aldaketa handiak ez, nahiago izan du LOMCEk utziko dizkion aukera apurrekin zer egingo duen azaldu. Hainbat neurri «iragarri» ditu, lehen ere esanak zeuzkanak: sorospenak egiten ikasiko dutela umeek, bide heziketa indartuko dutela, irakasleak teknologia berrietan heziko dituztela...
Ikasgaietan badira aldaketak. Atzerriko bigarren hizkuntza bat sartu ahalko dute eskolek: alemana edo frantsesa. Gainera, ikasgai batzuk ezartzeko duen aukera baliatuta, bi berri sortu ditu Hezkuntza Departamentuak: Irakurtzeko estrategiak eta testuen produkzioa, eta Arrazonamendu matematikoa eta arazoak konpontzea. G ereduko ikasleek izango dute horiek egiteko aukera —euskara ordurik ez daukate haiek—.
Kezka bakarra agertu du Iribasek: lanbide heziketarekin. Oinarrizko maila abian jarri beharko dute irailean, eta denboraz larri ibiliko direla aitortu du. «Nahiago genuen atzeratu balute». Hamahiru ikasketa eskainiko dituzte. Gainditzen dituztenek aukera izango dute DBHko titulua lortzeko azterketa egiteko edo erdi mailako lanbide heziketan hasteko.
Iribasek berretsi du Nafarroa «buruan» egongo dela horrela. Norekin alderatzen den. Azalpena, «txapeldunen ligaren» harira: «Espainian gaude buruan, OCDEren batez bestekoaren goitik».