Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak adierazi duenez, ikasturte hasieran Murietako eskola "bost ikaslerekin" irekitzea aurreikusten zuten, baina errealitatea da "bi bakarrik" eskolatu direla. Kontseilariaren arabera, ikuskaritzak txosten bat kaleratu du esanez "pedagokikoki eta ekonomikoki ez duela zentzurik bi neskatoak eskola batean bakarrik izateak".
Iribasek dioenez, alkateari eman zion egoeraren berri, eta jakinarazi zion itxiera "behin-behinekoa" dela, bi ikasleen interesak "beste ezeren gainetik" jartzeko. Gaineratu du "arrazoizkoena" matrikulatutako haurrak Lizarrara lekualdatzea litzatekeela.
Kontseilariaren hitzen ondotik, EILAS sindikatuak salatu du eskola ixtea "pedagogiaren kontrako erabakia" dela, "etika gutxikoa".
Kexa Arartekoan
Orain, bi ikasle ditu Murietako eskola publikoak, eta kopuru hori jarri du mahai gainean Nafarroako Gobernuak zentroa ixteko. "Egun batetik bertzera jaso dugu erabaki horren berri, ikasturtea ja hasita dagoela; ezin dugu onartu eskola ixtea", salatu du Marisol Rodriguezek, zentroan aritzen diren bi haurretako baten amak. Arartekoaren aurrean kexa jarri eta gero, Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren aurrean elkarretaratzea egin dute gurasoek. Parte hartu dute, gainera, Sortzen eta Herrikoa elkarteek, bai eta LAB sindikatuak ere. Foruzainek identifikatu egin dituzte. Rodriguezek nabarmendu du bertze hiru haur matrikulatu dituztela asteon, datorren astean eskolak hasteko, eta, ondorioz, eskolak zabalik behar duela erantsi du.
Gobernuak Lizarrako eskola publikora bidali nahi ditu Murietako bi haurrak. Ingelesez Ikasteko Programa dute zentro horretan. "Eta guk ez dugu hori nahi", erran du Rodriguezek. Hezkuntza kontseilari Jose Iribas prest omen dago gurasoekin negoziatzeko, Lizarran ez bada, inguruko bertze herriren batean matrikulatzeko umeak. "Guri horrelakorik ez digu erran ikuskariak, ordea. Astelehenean Lizarrara joan beharko dugula erran digute, bertzerik ez, oraingoz", zehaztu du Rodriguezek. Murietako Udalak ere salatu du eskola itxi nahi izatea.