Irisgarritasuna

Irisgarritasuna hezkuntza sisteman txertatzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak

Jaurlaritzako gobernu kontseiluak Irisgarritasun Unibertsalaren Estrategia onartu du. Irisgarritasunaren orain arteko kontzeptua «gainditzea» du helburu.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailea eta Iñaki Arriola Etxebizitza sailburua, gaur, Gasteizen. JON RODRIGUEZ BILBAO / EFE
Igor Susaeta.
2020ko otsailaren 4a
17:22
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak Irisgarritasun Unibertsalaren Estrategia onartu du. Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza sailburuak hedabideen aurrean nabarmendu duenez, irisgarritasunaren orain arteko kontzeptua «gainditzea» da estrategiaren helburua. «Hau da, ez izatea desgaitasuna dutenei oztopo fisikoak kentzea, zerbait zabalagoa baizik: ingurune, prozesu, produktu eta zerbitzu guztiak pertsona guztiek osoki baliatu eta ulertu ahal izateko bermeak ematea».

ISEK Irisgarritasun Sustatzeko Euskal Kontseiluak egindako diagnostikoa eta Jaurlaritzak 1997an ezarritako Irisgarritasuna Sustatzeko Legea aintzat hartuta, sei helburu ditu estrategiak: «guztiz» bermatzea irisgarritasun gaietan indarrean dagoen araudia betetzen dela; irisgarritasuna kudeaketa publikoko oinarrizko eta zeharkako elementu gisa txertatzea; gizartearen kontzientziazioa hobetzea; irisgarritasun gaietarako ikerketa, berrikuntza eta kalitatea sustatzea teknologiaren bidez; gobernantza eredu bat sortzea estrategiaren lidergoa hartu eta ezagutza eragiteko; eta irisgarritasun unibertsalari buruzko heziketa sustatzea.

Helburu horiek bete ahal izateko, Jaurlaritzak 41 jardun ildo garatu nahi ditu, eta horietako bat da, hain zuzen, lehen zein bigarren hezkuntzan, baita unibertsitatean ere, «irisgarritasun eta diseinu unibertsalei buruzko heziketa» txertatzea. Arriolak ez du zehaztu, ordea, nola garatuko dituzten, ez hori, ez beste jardun ildoak. Azaldu duenez, aurreikusitako asmoak lau urtez behin diseinatutako ekintza planetan zehaztuko dituzte, eta lau urteak igaro ondoren «zenbateraino bete diren» ebaluatuko dute, «eta estrategia hurrengo aldirako doituko da». ISEK-k prestatuko du lehendabiziko plana, eta aurten da onartzekoa.

Arriolaren arabera, 1997ko legearen ondorioz «aurrerapausoak» izan dira, «batez ere espazio publikoetan oztopoak kentzeko orduan». Baina onartu du badaudela «gabeziak» beste arlo batzuetan: «adibidez, garraioan edo zahar samarrak diren etxebizitzetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.