BILBOKO ASTE NAGUSIA

Iritsi da Marijaia

Giro bero-beroarekin eta jaiez gozatzeko irrikaz bete dute milaka lagunek Arriaga plaza. Virginia Berasategi pregoilariaren hitzek eta Nerea Orizaolak botatako txupinak hasiera eman diote bederatzi eguneko jai etengabeari. Festa giro paregabea da nagusi jada Bilboko kaleetan.

2012ko abuztuaren 18a
21:56
Entzun

Aste osoan hiria ospakizunetarako txukuntzen aritu ostean, milaka lagun bildu dira gaur Arriaga plazan. Arratsaldeko zazpiak baino minutu batzuk lehenago, Virginia Berasategik pregoia irakurri du. Bukatutakoan, arratsaldeko zazpiak puntuan, Nerea Orizaola txupinerak txupina piztu du Arriaga antzokiko balkoi nagusian. Une horretantxe eman diote hasiera bederatzi eguneko festa handiari: Bilboko Aste Nagusiari.

Bilbo ordezkatzeaz harro agertu da Berasategi pregoian. Emakumeak baino ez dira atera Arriagako balkoira, eta haien parte hartzea aldarrikatu du. Kantuz amaitu du agerraldia, eta kalean eromena lehertu da abestiaren lehen doinuak jotzearekin batera. 

Bilboko Udalak eta Jai Batzordeak antolatutako egitarau ofizialak kultur eta aisialdirako 300 ekitaldi inguru biltzen ditu. Horien artean, ehun kontzertu, su festen bederatzi erakustaldi, 23 antzerki emanaldi, folklorearen eta herri kirolen inguruko 40 ekitaldi baino gehiago, Aste Nagusia Pilota Lehiaketa, hiri krosa, xake txapelketa, gastronomia lehiaketak, zezenketak eta Txikigunea. Informazio gehiago, hemen

Bilboko Konpartsek ere ahalegin berezia egin dute aurten. Urte asko daramatzate "ahalegin handia egiten" eguneko ekitaldiak eta umeentzako jarduerak bultzatzeko; eta, beste behin, jaien bihotzean egon nahi dute. Tailerrak, haurrentzako ikuskizunak, puzgarriak eta beste hainbat ekintza antolatu dituzte Aste Nagusirako. Halaber, Irrien Lagunak kluba jaien esparruan arituko da, astelehenetik ostiralera.

Ekitaldi berezien artean, hau: Erripa kaian frontoi txiki bat jarriko dute. Euskal pilotak dituen hainbat modalitatez gozatu eta horiek ikasi ahal izango dituzte hara biltzen direnek. Abuztuaren 20an, gainera, Mikel Goñi pilotariak ikastaro bat emango du. Toki berean ipiniko duten zelai txiki batean, hiruko futboleko txapelketa bat egingo dute ume eta gazteentzat, Athletic Fundazioarekin batera. Bestelako ekitaldi indartsuak: hiri krosa eta txapelketa gastronomikoa.

Konpartsen guneetan, ohi bezala, kontzertuak, kalejirak eta txapelketak antolatuko dituzte. Kontzertuei dagokienez, 50 musika talde baino gehiago arituko dira txosnetan: Anje Duhalde, Ze Esatek, Vendetta eta Itziarren Semeak, besteak beste. Informazio osoa, webgunean

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.