Ezker abertzaleak Irlanda iparraldeko bake prozesuan oinarritutako negoziazioa bere gain hartzeko konpromezua duela adierazi du gaur Jone Goirizelaia abokatuak Venezian (Italia). Hiri horretako udalak antolatuta "bake prozesuei eta gatazken konponbideei buruzko nazioarteko konferentzia" egiten ari dira eta Goirizelaiak "euskal ezker independentistaren proposamena" Elkarrizketa, elkarrizketa, elkarrizketa. Ideiak Kurdistanerako eta Euskal Herrirako saioan azaldu du.
Gorizelaiak Prozesu demokratikorako lehen urratsa: Ezker abertzalearen oinarriak eta borondatea izeneko dokumentua irakurri du Venezian. Testu horretan, besteak beste, George Mitchell AEBetako senatariaren oinarriak jarraitzeko asmoa dutela biltzen da. Mitchell Irlanda iparraldeko gatazkan bitartekari izandakoa da.
"Benetazko bakeren bidean lan egiteko garaia dela uste dugu. Gizarteak irtenbideak nahi ditu", gaineratu du Goirizelaiak.
Gaurko jardunaldian Goirizelaiaz gain, Brian Currin Hegoafrikako abokatua eta gatazka politikoetako bitartekariak eta Raymond McCartney Sinn Feineko kideak hitz egin dute. Nelson Mandela Hegoafrikako buruzagi historikoak eta Gerry Adams Sinn Fein Irlandako ezkerreko alderdiko buruak bideo konferentzia bidez parte hartu dute. Azken horrek, Batasuna berreraikitzen saiatzeagatik atxilotutakoak askatzeko eskatu du. Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidearen bideo bat ere ikusi ahal izan dute jardunaldian parte hartu dutenek.
Currin Euskal Herrian Eztabaida eta Bakea sustatzeko Nazioarteko Ekimeneko kideak hitzaldia eman zuen urriaren 28an Donostian, Lokarrik antolatuta, eta ezker abertzalearen ekimen politiko berriaren garrantzia azpimarratu zuen.
politika
Irlanda iparraldeko bake prozesuan oinarritutako negoziazioa jarraitzeko konpromisoa nabarmendu du ezker abertzaleak, Venezian
"Bake prozesuei eta gatazken konponbideei buruzko nazioarteko konferentzian" egin ditu adierazpen horiek Jone Goirizelaia abokatuak. Jardunaldi horretan, besteak beste, Brian Currinek eta Gerry Adamsek parte hartu dute. Azken horrek bideo konferentzia bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu