BBC Erresuma Batuko telebista kateak gaur esan du Iñaki de Juana preso ohia (Donostia, 54 urte) ez dela martxoaren 25etik, azken hilabeteetan bezala, Belfasteko polizia etxera sinatzera joan eta Irlanda iparraldeko bere etxean ere ez dagoela -albistea berretsi egin du gero Irlanda iparraldeko Justiziako ordezkari batek-. Hala, ihes eg¡n ote duen iradoki dute. Dena dela, Irlanda iparraldeko Poliziak ez du baieztatu De Juanak ihes egin duela.
Joan den martxoaren 1ean Thomas Burgess Belfasteko Auzitegiko epailea preso ohia Espainiaratzearen alde azaldu zen berriro. 2009ko martxoan, estradizioaren alde agertu zen Belfasteko epaitegi bat, "terrorismoa goratzeko" delitua Espainiaratzeko nahiko arrazoi badela iritzita. Defentsa abokatuak helegitea ezarri zuen estradizioaren aurka. Burgessek baztertu egin zituen De Juanaren abokatuaren argudioak, eta Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak eginiko estradizio eskaera ontzat eman zuen. Defentsa ekainaren 28an eta 29an da helegitea aurkeztekoa.
2008ko abuztuan du jatorria auziak. Orduan irten zen Aranjuez espetxetik (Espainia) De Juana, eta ongi-etorri ekitaldia egin zuten Donostian, bera bertan ez zela. Ekitaldian ustez De Juanak idatziriko gutun bat irakurri zuen emakume batek. Eskutitz hartan "terrorismoa" goratu izana egozten diote De Juanari, bukaeran "aurrera bolie" idatzita zegoelako -Txomin Iturbe etakide historikoak erabiltzen zuen-. Preso ohiak ukatu egin izan du eskutitz hura idatzi zuela.
euskal presoak
Irlanda iparraldeko Poliziak ez du baieztatu De Juanak ihes egin duela
Euskal preso ohia martxoaren 25etik Belfasteko polizia etxera sinatzera ez dela joan dio BBCk, eta Irlanda iparraldeko bere etxean ere ez dagoela. Hango Justiziak berretsi egin du albistea. Thomas Burgess epailea De Juana Espainiaratzearen alde azaldu zen martxoaren 1ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu