komunikabideak

Irrati lizentzia banaketan hedabide sozialak eta euskara aintzat hartzeko eskatu dute EHUko hainbat irakaslek

Kontseiluak "kezka handiz" hartu ditu Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko lehiaketak.

2012ko apirilaren 25a
15:44
Entzun

EHUko hainbat irakaslek uste dute Hego Euskal Herriko irrati lizentzien banaketa deialdiek ez dutela "izaera sozialeko komunitate moderno, autozentratu eta elebiduna" izateko bidean laguntzarik ematen, eta "lehiaketetako erabakiek aniztasunean eta hizkuntza normalizazioan izan ditzaketen ondorio kaltegarriez kezkaturik" azaldu dira.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari zein Nafarroako Gobernuari, "aniztasuna bermatzearen alde", lehiaketan aurkeztutako "irrati sozialei" lizentziak esleitzeko eskatu diete. Hizkuntza normalizazioaren alde ere aritzeko galdegin diete, euskarazko edo ele biko emanaldirik bazter ez dadin eta lizentzia erreserba bat gorde dadin etorkizuneko lehiaketetan banatzeko.

EAEko ikus-entzunezko komunikazioaren euskal legea egitearen eta "guztiz zaharkiturik dagoen 1982ko EITBko legearen erreforma sakon bat" egitearen alde agertu dira EHUko irakasleak. 

Aurten 78 irrati lizentzia banatuko dituzte Hego Euskal Herrian. Nafarroako Gobernuak 44 lizentzia banatuko ditu, eta Eusko Jaurlaritzak, 34. Aspaldi zen lizentziarik banatzen ez zela. EAEko azken lehiaketa 1986koa zen, eta Nafarroakoa, 1998koa.

BERRIAk Komunikazio sailean erreportaje-elkarrizketa sorta bat argitaratu du gaiaz.

EHUko irakasleen sinadurak

Agirreazaldegi Teresa, Amezaga Josu, Arana Edorta, Azpillaga Patxi, Basterretxea Joxe Inazio, Elexgarai Jon Imanol, Fernandez Astobiza Itxaso, Fernandez Ostolaza Iñigo, Fresneda Iratxe, Ganzabal Maria, Garcia Ureta Irene, Gonzalez Abrisketa Marian, Gutierrez Arantza, Idoiaga Jose Vicente, Larrañaga Jotxo, Lasagabaster Iñaki, Lazkano Iñigo, Martín Sabaris Rosa M., Martinez de Albeniz  Iñaki, Miguel Juan Carlos (de), Narbaiza Beatriz, Pastor Jose Mari, Peñafiel Carmen, Pozas Víctor, Ramirez de la Piscina Txema, Toral Gotzon, Xamardo Nicolás, Zabaleta Iñaki, Zalbidea Begoña, Zallo Ramon.

Kontseiluak, "kezka handia"

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak "kezka handiz" hartu ditu irrati lizentziak hautatzeko bi lehiaketen oinarriak. "Euskaraz bizitzeko nahia lau haizetara zabaltzen ari den honetan, azpimarratu nahiko nuke euskaraz bizi nahi duen herri bati ez diotela erantzuten bi gobernuek onartutako oinarriek, eta beste behin, euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzeko izan dituztenean, euskaldunak baztertu egin dituzte, ez dute espazioak euskalduntzeko urrats eraginkorrik eman, uhinak euskalduntzeko erabaki irmorik ez da hartu", esan du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.

Haren arabera, "euskarari irrati uhinetan espazio berriak ez eskaintzeak euskararen normalizazio prozesuan aukerak galtzea ekarriko du. Hortaz, herritarrok euskaraz bizitzeko nahiari are determinazio handiagorekin eutsi beharko diogu eta bidegabekeria hauei guztiei erantzun beharko diegu”.

Kontseiluak gaur egindako agerraldiko idatzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.