Eusko Jaurlaritzak irrati lizentziak banatzeko egindako prozedura, "hasieratik, irregulartasunez beteriko lehiaketa bat" izan da, Antxeta Irratiaren, Araba Irratiaren, Justuri Irratiaren eta Euskal Irrati Zerbitzuen esanetan.
Lau irratiok prentsa agiri bat adostu dute, Jaurlaritzaren lehiaketari buruzko argibideak emateko; BERRIAk aste honetan jakinarazi ditu prozesu horretan gertaturiko zenbait gorabehera eta irregulartasun.
Irratiok emititzeko behin-behineko lizentziak eskuratu zituzten. Gerora, ordea, prentsaren bidez jakin zuten lehiaketa bertan behera utzi zuela Jaurlaritzak, eta lizentziak galdu zituztela.
Eusko Jaurlaritzari eskatu diote lehiaketa irregulartasunak hasi ziren puntuan "berrartzeko". Eta, egoki ikusten badu, "bigarren balorazio independente bat" eskatzeko.
Lehiaketa bertan behera geratzen bada, 34 irrati lizentzia horiek "egoera juridiko berezi batean" geldituko direla, eta helegite "kate luze etengabe batean" sartuko direla uste dute irratietako ordezkariek. Lizentzien lehiaketa, berriz, "urte luzez" atzeratzeko arriskuan egongo litzatekeela sumatzen dute.
Euskalgintzari babes eske
Horrez gain, euskalgintzari ere babesa eskatu diote irratiok. "Komunikabideak, euskararen normalizazioaren bidean, berebiziko garrantzia duten tresnak dira. Eta ezin dugu onartu hurrengo 26 urteetan ia erabat espainolez izango den diala".
Gogorarazi dute Bilbon euskara hutseko irratieentzat gordea zegoela lizentzia bat, baina Jaurlaritzak Ser irrati katearen Dial Bilbao irrati formula "hobetsi" zuela, Bilbo Hiria irratiaren proiektuaren kaltetan. "Zein interes egon daiteke hautaketa honen atzean?".
Lizentzien banaketan, "egoitza Madrilen duten komunikazio talde handien presiopean", euskara gutxietsi egiten dela nabarmendu dute.
26 urtean ez da lizentzia lehiaketarik izan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Jaurlaritzari oharra egin diote irratiok: lehiaketa bertan behera uzten bada, edo euskara "interes partikularren" azpitik jartzen bada, "diala euskalduntzeko 26 urtean egon den aukera bakarra galduko da". Irrati komunitarioen egoera arautzeko aukera "aitzindaria" ere badela seinalatu dute.
Heldu den asteartean bilera bat egingo dute irratiotako kideek eta euskalgintzako ordezkariek, Andoainen.