rratiak, sakelako telefonoak, zigarroak... asperduratik ihes egiteko edozein gauzak balio zuen atzo Bizkaiko errepideetan. Goizeko 6:00 aldera kamioi bat irauli zen A-8 autobidean Basauri parean. Donostiako noranzkoko bi errailak betetzen zituen, eta, beraz, Donostiarako bidea hartu nahi zutenek ezin zuten aurrera egin. Orduek aurrera egiten zuten, baina kamioiak bere lekuan jarraitzen zuen. Horren ondorioz, A-8 autobidean auto ilara ikaragarriak sortzen hasi ziren. Baina ilarak ez ziren autobidekoak bakarrik. Ertzaintzak N-634 errepidetik joateko agindu zuen berehala, baina istripuaren berri irrati bidez jakin zuten gidariek oraindik egiten ari diren Txorierriko korridorea ere hartu zuten. Ondorioa argia izan zen: atzo goizean Bilbo eta inguruko errepideetatik ibili ziren gidariak harrapatuta zeuden.
Goizeko 10:30 ziren, eta A-8 autobidean auto ilarak zeuden oraindik. Juan de Garay kaleko Bilboko irteeratik Malmasingo tunelera heltzeko (hiru bat kilometro), adibidez, ia 40 minutu behar ziren. Gainera, tuneletako errailetako bat moztu zuen Ertzaintzak, eta bakarretik ibil zitekeen. Inbutua handia zen hor. Bertan aurkitu genuen Oskar, bere Jeep Cherokeean sartuta. Errepideen egoera jakiteko asmoz, irratia piztuta zuen, eta itxura lasaia zeukan. «Lasai? Beste erremediorik ez daukat. Dagoeneko haserrea ere joan zait. Orain ordu bat-edo ikusi baninduzu ez zenuen gauza bera esango», agertu zigun. Ez zen gutxiagorako. Goizeko 7:15ean irten zen etxetik, Getxotik, eta oraindik Malmasinen zegoen. «Zornotzan egiten dut lan, eta aspaldi behar nuen lantokian. Nire arduradunari deitu diot sakelako telefonotik, eta azaldu diot non eta nola nagoen.Badakit zer daukadan, arratsaldez ere lan egin beharko dut, errepide madarikatu honetan galdutako denbora berreskuratzeko».
Errepide gehiagoren eske
Francisco igeltseroa da, eta beste bi lankiderekin batera, Durangora joateko asmoarekin irten zen Leioatik goizeko 9:00etan. Ia ordu bi ondoren, Malmasingo tunela igaro berri zeukan. Baina Durangora heltzeko bide luzea zeukan oraindik. «Hemen galtzen dugun denbora dirutan zenbatuz gero... Errepideetan inbertsio batzuk egiteak ez dauka preziorik gure moduko herritarrentzat, eta hori kontuan izan behar dute agintariek», esan zuen. «Durangora heltzean piezaren bat falta zaigula konturatzea eta Leioara itzuli behar izatea falta zaigu bakarrik», gaineratu zuen, barrez, Franciscoren lankideetako batek.
N-634 errepidean, Firestoneko bidegurutzearen inguruan, beste arazo bat sortu zen: hainbeste ordu ia geldirik egon ondoren, kamioi baten motorra berotu zen, eta hor geratu zen, errailetako bat trabatzen. «Normala horrelakoak gertatzea. Badakizu zenbat ordu diren?», esan zigun beste kamioizale batek. «Gure lana berez da gogorra. Eta horrelakoak gertatzen direnean... Argi dago autobidea ez den beste errepide bat behar dugula», azpimarratu zuen. «Horrelakoetan ez da beste aukerarik. Irratia entzun eta beste kamioizaleekin irrati bidez berriketan ibili naiz», azaldu zigun.
Kamioizalearen eta igeltseroaren iritzi bera zeukan Raulek. Barakaldotik 8:30ean irten zen, eta 11:00etan Basaurin zen, Firestoneko bidegurutzean. «Egunero erabiltzen dut nik A-8 autobidea, eta beti berdin gaude. Gauza bat ez denean bestea da, baina astean behin gutxienez auto ilarak topatzen ditut», azaldu zigun. Beste errepide bat behar dela argi zeukan. «Nire ustez, janaria bezala behar dugu. Horrela ezin dugu jarraitu», nabarmendu zuen.
Irratiari lotuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu