Irtenbide nagusia, Arbizuko zerbitzua

2013ko martxoaren 28a
17:27
Entzun

Auto ilara luzeak ikus daitezke Arbizuko IAT zerbitzuaren kanpoaldean. Jende ugari iritsi da bertara, eta zain dauden asko gipuzkoarrak dira. Urnietako eta Irungo zerbitzua greban egoteak izan omen du eraginik: "Nabari da Urnietako eta Irungo langileak greban daudela, ohi baino jende gehiago etorri baita gaur", azaldu du Aritz Lopez de Zubirias Arbizuko IATko arduradunak: "Oporrak dituzte orain askok, eta jendeak garai horiek aprobetxatzen ditu honaino etorri eta IATa pasatzeko".

Hala ere, greba alde batera utzita, gipuzkoarrek hara joateko ohitura omen dute: "Goierri aldetik-eta jende asko etortzen da hona, erosoa delako eurentzat. Gainera, hemen ez dago ordua eskatu beharrik, eta merkeagoa ere bada".

Astelehen goiza da, eta eraikinean presaka dabiltza langileak. Auto asko dituzte aztertzeko, eta inola ere ez da aspertzeko aukerarik. Baina kanpora irten, eta beste zerbait diote zain daudenen aurpegiek. Bertan da Dionisio Santoyo ere, Lazkaotik etorrita, bere txanda iristeko zain: "Hona etortzeko ohitura dut. Ez da ordua eskatu beharrik, eta, normalean, iritsi eta berehala hartzen zaituzte, baina gaur harritu egin nau ilara hau topatzeak. Hau jakin izan banu, Noainera joango nintzateke". Apur bat aurrerago dago Lurdes Azpiazu, alabaren laguntzaz itxaronaldia arindu nahian: "Ni lehen Urnietara joaten nintzen, baina greben kontua hasi zenetik hona etortzeko ohitura hartu dut. Normalean asteburuan edo opor garaian etortzen naiz, denbora izaten dudanean".

Ia goiko errepiderainoko ilara osatu da goiz erdirako. Dagoeneko berrogeita hamar autoren bueltan ibiliko da ilara, eta geroz eta jende gehiago iristen ari da Arbizuko IAT zerbitzura. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.