Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EH Bildu

Irtenbideari begira elkarrizketei ekiteko eskatu die EH Bilduk eragileei

Aieteko konferentzia egin zenetik urtebete igaro denean, gomendioak bete gabe daudela ohartarazi du

Maribi Ugarteburu, Amaia Agirresarobe, Patxi Zabaleta, Rufi Etxeberria eta Unai Ziarreta, atzo. ANDONI CANELLADA / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Atzo urtebete egin zen Aieteko Bake Konferentzia; EH Bilduren ustez, «aro berri bati» hasiera eman zion bilkura: «Jokaleku berri bati ireki zizkion ateak». Baina ordutik honako balorazio ezkorra egin du koalizioak. Ez da espero zitekeena aurreratu. ETAk jarduera armatua bukatzeko harturiko erabakia «historikoa» da, haren hitzetan, Aieteko konferentziak zehaztutako bide orritik bete den gomendio bakarra.

Aieteko Adierazpenak dio ETAk jardun armatua uztea derrigorrezko baldintza dela Espainiako eta Frantziako gobernuekin gatazkaren ondorioei buruzko elkarrizketa prozesuari ekiteko. Erakunde armatuak egin zuen urratsa, baina Espainiako Gobernua egoera «gelditu, blokeatu eta saboteatzen» aritu dela ohartarazi dute Maribi Ugarteburuk eta Amaia Agirresarobek, koalizioaren izenean.

Igaro diren hamabi hilabeteak «aurrerapausoak ematekoegokiak» zirela diote Ugarteburuk eta Agirresarobek. «Bakegintzan, normalizazioan, adiskidetzean eta biktima guztien onarpenean aurrera egiteko» aproposak zirela. «Baina Espainiako Gobernuaren jarrerak eragotzi egin du ezarri ziren helburuak betetzea». «Elkarrizketa politikoaren atalean ere ez da egon aurrerapausorik», azaldu du. Argia da ondorioa: «Aieteko Adierazpenak konponbiderako jokalekua finkatu ahal izateko bide gisa gomendatu zuen guztia egiteke dago».

EH Bilduk gogorarazi du Aieteko Adierazpenak bi lan eremu proposatu zituela elkarrizketa eta akordioa oinarri hartuta: Gatazkaren ondorioak konponbidean jartzeko, ETA eta Espainia zein Frantziako gobernuen arteko elkarrizketa behar zela; eta, «gatazkaren erroak konponbidean jartzeko», eragile politiko guztien artean landu behar zela akordioa: «Euskal Herriak nazio gisa bere etorkizuna erabakitzeko daukan eskubideari buruzko elkarrizketa politikoa».

Nazioarteko ereduek «gatazkak konpontzea bermatzen duen metodoa» horixe dela erakutsi dutela eta, egungo itxikeria jarrera alboratu dezatela eskatu die koalizioak bi estatuei.

Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialei ere esan die «lehen mailako eginbeharra» dutela: «Akordio demokratikora bideratutako elkarrizketari ekitea». Hartarako deia egin die «Euskal Herriko kultura politiko guzti-guztiei eta eragile politiko, sozial eta sindikal guztiei. Gu prest gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.