gizartea

Iruña-Veleiako ikerketa laborategi independente batera bidaltzeko eskatu du plataformak

Kasua argitu artean, auzibidea bertan behera uzteko ere galdegin du SOS Iruña Veleia Plataformak. Duela hiru urte pasa lehertu zen auzia.

2012ko maiatzaren 23a
18:29
Entzun

Iruña-Veleia Arabako aztarnategiko ostrakak benetakoak edo faltsuak diren ikertzeko, kasua nazioarteko arkeometria laborategi independente batera bidaltzeko eta, auzia argitu artean, inputatuen aurkako kereilak artxibatu eta auzibidea bertan behera uzteko eskatu du SOS Iruña Veleia Plataformak gaur, Gasteizen. Hiru urte pasa dira auzia lehertu zenetik, eta plataformak esan du harrezkero Eliseo Gil eta Idoia Filloy Lurmen enpresako arkeologoak zigortuta bezala bizi direla inputazioagatik. 

2008ko azaroan Arabako Foru Aldundiak Lurmeneko arkeologoak kanporatzea eta auzibidean jartzea erabaki zuen, Iruña-Veleiako ostrakak faltsutu egin zituztelakoan. Esan zutenez, euskarazko lehen hitz ez-onomastikoak (ez-pertsona-izenak) aurkitu ziren, etxe baten azpian, eta hondakinen artean zeramikazko eltze zatiak aurkitu ziren, eta bertan euskarazko esaldi laburrak ageri ziren. Lurmen ari zen indusketa lanak egiten.

SOS Iruña Veleia Plataformak esan du Ertzaintzak eta Guardia Zibilak aitortu izan dutela ez direla gai ostrakak benetakoak edo faltsuak diren esateko eta, ondorioz, materiala laborategi independente batera eraman beharra dagoela.

Plataformak Aldundiari eskatu dio ostraken ikerketa argitzen ez den bitartean Iruña-Veleiako indusketa lanik ez egiteko. Alderdi politikoei, berriz, kasua berriro hartzeko eta konponbidea aurkitzeko galdegin die.

Iruzur ekonomikoa leporatuz Lurmenen aurka aurkeztutako bi kereilak aspaldi artxibatu ziren, epaitegiak ez baitzuen delitu zantzurik aurkitu, eta hirugarrena, Eliseo Gili eta haren bi laguntzaileri ondarearen aurkako kalteak eta faltsifikazioa egotzi nahi diena, hasieran bezalaxe dago, epaileak ez du akusaziorik gauzatu euren aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.