Emakumeen aurkako indarkeria

Iruñean eta Bilbon erasoen aurkako protestak egin dituzte gaur

Bihar Maria Puy Perezen gorpua aurkitu nahian 'herri bilaketa' egingo dute haren herrian, Lizarran, 9:00etatik hasita.

2009ko otsailaren 28a
19:14
Entzun
Emakume askok beren bikotekideengandik nahiz beste gizonengandik pairatzen dituzten erasoen aurkako protestak egin dituzte gaur arratsaldean Iruñean eta Bilbon.

Euskal Herriko hiriburuan, Iruñean, Bilgune Feministak deituta, Lizarrako (Nafarroa) Maria Puy Perez iazko urriaren 11tik desagertua dagoela (ustez haren bikotekide ohiak hil ondotik) gogorarazi eta, oro har, emakumeen aurkako indarkeria salatu dute. "Nazkatuta gaude erasoekin, eta horiek desagerrarazteko agintariek ezarritako neurriak eskasak dira", salatu du gaur Bilgune Feministako ordezkari batek Iruñean.

Manifestazioa 17:00etan abiatu da, Gaztelu plazatik, eta ehunka lagun bildu dira. Horrez gain, bihar, Perez aurkitu nahian, herri bilaketa egingo dute haren herrian, Lizarran. Zehazki, Jurramendi mendian ariko dira haren xerka. Bilaketa hasteko deialdia goizeko 9:00etarako egin dute, eta autobus geltokitik abiatuko dira.

Bilbon 18:00etan hasi da manifestazioa, eta halako hamaika eraso salatzen aritu dira, tartean berriki Sevillan (Andaluzia, Espainia) Marta del Castillo neskaren heriotza eta haren gorpuaren ezkutatzea. Polizia indarrek eta salbamendu taldeek Guadalquivir ibaian (hara jaurti zutela aitortu zuten ustezko hiltzaileek) bilaketa lanetan milioika euro gastatu eta asteak eman arren, ez dute hura oraindik aurkitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.