Independentzia eskaeren aurrean lehentasuna krisi ekonomikoa gainditzea dela esaten dutenei, egoera ekonomikoak independentzia sekula baino beharrezkoagoa egiten duela erantzun diete Txutxi Ariznabarretak eta Itziar Ituinok, Independentistak sarearen izenean.
"Irtenbideak bilatzeko orduan eskuak lotuta ditugu eta itota sentitzen gara krisialdi erraldoiaren erdian", adierazi dute. "Espainiako eta Frantziako estatuek gure beharrak kontutan hartu gabe inposatzen dizkiguten neurrrien menpe gaude eta etorkizuna gero eta ilunago ikusten dugu".
Gauzak horrela, "egoera ekonomiko eta sozial larriari" aurre egin ahal izateko euskal estatua aldarrikatu dute, etorkizunerako "alternatiba bakarra" izateaz gain "aukerarik onena" dela argudiatuta.
Horixe izango du mezu nagusi Independentistak sareak aurtengo Aberri Egunean. Iruñean ospatuko du "Euskal Herriaren eguna" martxoaren 31n, eta "euskal independentista guztiak elkarturik" beren "indarra" erakustera deitu ditu.