Iruñeko Auzitegiko epaile batek espetxera bidali ditu lehengo ostiralean Nafarroan eta Espainian Guardia Zibilak Falangearekin lotuta atxilotu zituen bost lagunetatik hiru -J.I.I.S, B.P.I. eta J.L.M.-. Baldintzarik gabe kartzelaratu ditu. "Ezker abertzaleko kideen aurka ustez mehatxuak egin, lehergailuak jarri eta eraikinetan kalteak eragin izana" egotzi die. "Eraso faxistak" dira horiek, epaileak dioenez.
Beste biei, bi egunen buruan ordaintzeko baldintzarekin, seina mila euroko bermea jarri die -D.M.E. eta F.D.T.-ri-, eta astelehenero epaitegira joan beharko dute sinatzera.
Nafarroan lau lagun atzeman zituzten eta bat Villanueva de Gallegon (Aragoi, Espainia), Falange taldekoak direlakoan.
Nafarroan Barañainen bi gizonezko atzeman zituzten -David M.E. eta Fermin D.T., biak Castaños plazako bi etxetan-, Orkoienen bat -Iturgain kalean- eta Sunbillan beste bat -Ignacio I.S.-. Haien etxeak miatu, eta ordenagailuak eta dokumentazioa eraman zituzten. Gerrarako munizioa, arma zuriak eta nazien sinbologiadun hainbat objetu atzeman zizkiela jakinarazi zuen Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak. Erasoak jaso dituzten Gipuzkoako eta Nafarroako herrien planoak ere bereganatu zituen Guardia Zibilak.
Aragoin atxilotu zutena Irungoa da (Gipuzkoa), 23 urteko mutila -B.P.I.-. Honen Irungo etxea ere miatu zuten, Pello Bixente kalean.
Falange y Tradicionen erasoak
Irailaren 22an Falange y Tradicionek bere gain hartu zituen iazko urritik Euskal Herriko hainbat herritako kaleetan eta oroitarrietan egindako pintaketak eta mehatxuak, Efe berri agentziara igorritako ohar baten bidez. Besteak beste, Sonia Polo Bilboko txupinerari -euskal preso baten arreba da- abuztuan bidalitako gutuna beraiek bidali ziotela esan zuen, eta "abisua" izan zela. Eskutitz bat igorri zioten Polori, bere argazki batekin eta bala batekin.
Iazko urritik hona, eskuin muturreko 32 "eraso faxista" egin dituzte Euskal Herri osoan. Hala ohartarazi zuen Lau Haizetara Gogoan koordinakundeak. 25 bat hartu zituen bere gain Falange y Tradicion taldeak. Lehenengo pintaketak Nafarroan, Beran eta Lesakan egin zituzten. Efek jaso duenez, uda honetan Nafarroan izan diren beste hainbat pintaketa ere haiek egin dituzte. Irunen, Oiartzunen (Gipuzkoa) eta Getxon (Bizkaia) egindako erasoak "gobernu erregionalera etorri berri den Lopez jaunari ongietorria egiteko" egin zituztela jakinarazi zuen.
Tolosan (Gipuzkoa) Lasa eta Zabalaren oroitarriei eginiko pintaketak ere haiek egin zituztela zioen. Haren bitartez, Enrique Rodriguez Galindo poliziaburua "omendu" nahi zutela adierazi zuen Falange y Tradicionek. Galindo 71 urteko kartzelara zigortu zuten Lasa eta Zabala bahitu eta hiltzea egotzita.
politika
Iruñeko Auzitegiko epaileak kartzelara bidali ditu "eraso faxistekin" lotutako hiru lagun
Guardia Zibilak beste bi pertsona atxilotu zituen lehengo astean Nafarroan eta Espainian, eta epaileak seina mila euroko bermea jarri die bi horiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu