Etxe bat husteko hipoteka exekuzioa bertan behera uztea erabaki du Iruñeko Lehen Instantziako Auzitegiko epaile batek gaur.
Argudiatu du Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak erabaki bat hartu behar duela, ea kontraesanik baden etxeen gaineko hipotenen exekuzioen eta Europak kontsumitzaileen eskubideei buruz emanak dituen zuzentarauen artean.
Europako auzitegiek ebazpen hori eman arte hipoteka exekuzioen gainean ebaztea ezinezko dela azaldu du epaileak.
Erabaki hori ez dagoen bitartean, babes judiziala kolokan jar daitekeela gaineratu du, etxea subastatu eta galdu egingo lukeelako jabeak, eta ondoren ezingo litzatekeelako atzera egin.
Espainiako hipoteken legeak kontsumitzaileen eskubideak errespetatzen ote dituen aztertzen ari dira, izan ere, Europako auzitegian.
Hipoteken tasak aldatzeko eskatzen
Bestalde, Kaleratzeak Stop taldeak elkarretaratzea egin du gaur eguerdian Donostian, Kutxabanken egoitzaren aurrean.
Bankuari eskatu diote maileguen interes berriak berehala ezartzen hasteko.
Apirilaren 28tik aurrera, indargabe geratuko dira orain Kutxabankek maileguei ezartzen dizkien interes tasak, Higiezinen Maileguen Erreferentzia Indizea alegia.
CECA deritzoten interes tasean ondotik, merkatuan dauden altuenak dira interes horiek, Kaleratzeak Stop taldearen esanetan.
Kutxabankekin mailegua dutenei Euriborra gehi %1eko tasa ezarriko diete apirilaren 28tik aurrera.
Gaur egun 3,62 puntuko interesa dutenei, esaterako, 1,6koa geldituko zaie, Kaleratzeak Stop taldeak azaldu duenez.
Familia askok nabarituko dute aldea, taldearen esanetan eta, horregatik, aldaketa orain bertan egiteko eskatu dio bankuari.