Espainiako Gobernuak, 2008ko azaroaren 28an eginiko ministroen bilkuran, erabaki zuen Iruñeko espetxea eraikitzeko prozeduretatik kanpo uztea kartzelak ingurumenean izango lukeen eraginaren txostena. Erabaki horren kontra egin zuten 2009ko otsailaren 12an Iruñeko Udalak eta Sanduzelai Auzo Elkarteak, eta Espainiako Auzitegi Gorenak horiei eman die arrazoia.
Espetxeak Santa Luciako muinoaren laurdena hartzen duela-eta jarri zuten helegitea auzo elkarteak eta udalak. Babestutako gunea da Iruñeko Udal Plan Orokorraren arabera, eta lur horietan eraikitzeko debekua ezartzen du planak.
Ministroen Kontseiluak oinarritzat hartutako arauaren arabera, proiektu batzuk ingurumen eraginaren txostenik gabe utz ditzake gobernuak, salbuespen modura. Kasu horietan, aztertu beharra dago eragin hori neurtzeko beste moduren bat. Halakorik ez egitea egotzi zioten helegitea jarri zutenek gobernuari. Auzitegi Gorenak ebatzi du salbuespeneko arrazoirik ez zegoela txostena ez egiteko, eta 1991z geroztik zegoela espetxe berri bat eraikitzeko asmoa.
Auzitegi Gorenak argitu du ez duela eskatuko gune hori leheneratzeko, txostenak egokitzat jo dezakeelako espetxea lur horietan eraiki izana. Baina txostenak ez badu egokitzat jotzen, legez kanpo gera liteke Iruñeko kartzela berria.