Arratsaldeko 16:15etan sei pertsona gaztetxeko eraikinaren barruan zeudela jakinarazi dute gazte mugimendu horren inguruko iturriek, eta, beraz, okupazioak eta erresistentziak aurrera jarraitzen dutela.
Izan ere, gaur eguerdian Yolanda Barcina Iruñeko alkateak gaztetxeko afera nolabait amaituta zegoela iradoki du. Dagoeneko Euskal Jai eraikina guztiz hustu dutela nabarmendu du Barcinak prentsaurrekoan, eta hori lortzeko poliziek egin duten lana txalotu du; une oro "okupatzaile ilegalen segurtasuna" bermatu dutela azpimarratu du.
Horren aurretik, gauza asko gertatu dira Iruñeko gaztetxearen inguruan, goizeko zortzietan Udaltzaingoko eskalatzaileak gaztetxeko teilatura azken erresistenteak jaistarazteko asmoz igo direnetik. Momentu horretan sei bat lagunek segitzen zuten goiko egituran kateatuta, eta Gaztetxeko iturrien arabera, udaltzainek zakar eta bortitz jaitsi dituzte guztiak. Azken biak bederatziak eta hamar aldera jaitsi dituzte, garabi baten bidez.
Jaitsi aurretik, arnesak askatu dizkiete zenbaitzuri hartara errazago harrapatu ahal izateko, baina arriskuan jarri dituzte. Hain zuzen ere, udaltzain bat eta erresistente bat gaztetxeren ondoko teilatura, Antzerki Eskolakora, amildu dira.
Sei lagun horiek Udaltzaingoaren egoitzara eraman dituzte atxilotuta.
Bizilagunak kexu
Goizeko lauak aldera, berriz, gaztetxeko plazako horma zati bat erori da, eta burrunba handia atera du. Auzokideak guztiz asaldatuta esnatu dira zatarekin.
Hain justu, Iruñeko Alde Zaharreko bizilagunak, Euska Jai gaztetxearen inguruko kaleetakoak, kexu agertu dira atzo hasitako operazioarekin. Batetik, hondeamakinek atzo emandako danbatekoen ondorioz Euskal Jai eraikina goitik behera erortzeko eta inguruko beste etxeak kaltetzeko arriskua ikusten dutelako. Bestetik, inguru guztia Poliziak hartuta daukalako, eta salatu dutenez, bizimodu normala egitea eragozten dietelako. Izan ere, etxeetara sartu eta ateratzeko zein kalean ibiltzeko identifika daitezela eskatzen diete etengabe. Zenbait bizilagunek salaketak jarri dituzte Iruñeko Udalean.
Informazio gehiago Euskal Jai gaztetxearen web orrian .
Gazte mugimendua
Iruñeko gaztetxea okupatu dute berriro sei lagunek
Goizeko bederatziak pasatxo zirela Iruñeko Euskal Jai gaztetxean gotortuta zeuden azken sei lagunak atera eta atxilotu dituzte udaltzainek. Handik gutxira Iruñeko Udalak agiria plazaratu du gaztetxea guztiz hustu dutela nabarmenduz eta gauza bera aldarrikatu du Yolanda Barcina alkateak eguerdian eman duen prentsaurrekoan. Arratsaldean, ordea, beste sei lagunek gaztetxea okupatzea lortu dute berriro. Bost pilotalekua zeneko egituran daude eta seigarrena teilatuan. Pertsona horiek eraikinean egon arren, hondeamakinek lanean jarraitzen dutela salatu dute gaztetxeko iturriek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu