Azkeneko astean Meningitis B gaitza duen seigarren kasua atzeman dute Iruñerrian, medikuek jakinarazi berri dutenez: hiru urteko mutil bat. Iruñekoa da haurra, eta hiriburuko ospitalera batera eraman dute. Medikuek diote hobera egiten ari dela eta ez dutela sartu zainketa intentsiboko gunean.
Aurreko asteburuan Iruñerriko bost lagun eraman zituzten erietxera, eta haien artetik Atarrabiako (Nafarroa) hamalau urteko neska bat dago larrien. Nafarroako Bideko Ama Birjina Ospitaleko zainketa intentsiboko gunean daukate. Hobera egin du azkeneko orduetan.
80 urteko Arrotxapea Iruñeko auzoko gizon bat ere zainketa intentsiboko gunean dago, erietxe berean.
Beste hirurak plantan daude dagoeneko: 47 urteko Burlatako (Nafarroa) emakume bat, eta Atarrabiako 16 eta 19 urteko bi neska.
Antibiotikoak eman dizkiete gaixoen senide eta lagunei, kutsadura katea saihesteko. B motako meningococoarendako ez da txertorik existitzen, horregatik banatu dituzte antibiotikoak.
Herritarrei "lasaitasuna" helarazi zien astearen hasieran Bideko Ama Birjineko mediku taldeak. "Egoera hau erlatiboki arrunta da, berezia duen gauza bakarra 48 ordutan bost kasu gertatu direla izan da".
Concha Goñi Bideko Ama Birjineko zainketa intentsiboko pediatria guneko zuzendariak gaitz horren sintomak gogoratu ditu: buruko mina, sukarra, gorakoa eta garondoa zurruntzea.
Osasunbideak emandako datuen arabera, 2007. urtean Nafarroan 25 meningitis kasu izan ziren, eta asteburu honetako gaixoak kontuan hartuta, beste 26 kasu 2008an.
Gizartea
Iruñeko hiru urteko mutil bat ere eraman dute Meningitis B gaitzarekin erietxera
Azkeneko astean Iruñerrian atzeman duten seigarren kasua da. Beste bost gaixoen artetik bik zainketa intentsiboko gunean segitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu