Berezia izango da aurtengo Iruñeko sanferminetako txupinazoa. Hainbat urtez UPNk Bilduri eta ezker abertzaleari aukera hori ukatu ostean, aurten berez Joseba Asiron alkateari dagokio txupinazoa botatzea (azken urteetako tradizioa jarraikiz hauteskundeen emaitzaren arabera txandakatzen baita, lehen indarretik laugarrenera). Asironek, ordea, Noticias de Navarra egunkariak aurreratu duenez, gobernu taldea osatzen dutenei proposatu die aurten Iruñeko Orfeoiak eta Veleta peñakoen ondorengoek botatzea.
Iruñeko Orfeoiak 150 urte beteko ditu aurten, eta urteurren borobil hori baliatuz aukera hori mahai gainean zegoen. Horrekin batera, ordea, Veleta peñakoen ondorengoek botatzea ere proposatu du. Veleta 1936ko gerra aurretik Iruñean zegoen peña bat zen, eta eurek hasi zuten sanferminetan zuriz janzteko ohitura —argazkian, 1931. urtean—. Horietako hainbat errepublikazaleak izanik, ordea, langileak eta ezkertiarrak, gerran fusilatu zituzten, eta iruindar askori ezkutatu egin zaie nork hasi zuen ohitura. Hori gogoan botako dute txupinazoa euren ondorengoek.
Aurten, hain zuzen, hori eskatzeko Txupin Etxepare elkartea sortu zuten Iruñeko peñek eta Memoriaren Autobusak. Veleta peñako kideekin batera, Juanito Etxepareren memoria ere berreskuratu nahi dute. Juanito Etxepare ere frankistek hil zuten. Veletako kideak zuriz jantzi ziren urte berean, 1931n, Etxepare hasi zen sanferminetako suziria botatzen. Ordura arte, pirotekniako langileen ardura zen lan hori. Etxepare, baimena eskatu, eta hura eskuratuta hasi zen Iruñeko Gazteluko plazan bestak iragartzen zituen suziriari su ematen. Iruñeko Kale Nagusian estankoa zuen Etxeparek. 1936ko estatu kolpea gertatu zenean, fusilatu egin zuten. "Gutxi dakigu haren heriotzari buruz; haren gorpua non dagoen ere ez", erran zuen Txupin Etxepare elkartearen aurkezpenean Ivan Gimenez kideak.
Etxepare hil eta gero, haren estankoa falangisten esku gelditu zen. Ez hori bakarrik. "1939. urtetik aurrera, Joaquin Ilundain eta Jose Maria Perez Salazar falangistek haien esku hartu zuten suziria botatzeko ardura". Frankismoaren garaiko lehen udaleko zinegotzi izan ziren biak, eta ofizial bilakatu zuten txupinazoa udaletxeko balkoitik egiteko ekitaldia. Harrezkero alkateak erabakitzen du nork botako duen txupinazoa, azken urteetan indar politikoen txandakatzea jarraituz.