festak

Iruñeko peñek eutsi egingo diete sanferminetako protestei, auzia irabazi arren

Espainiako Auzitegi Nazionalak atzo ebatzi zuen Armonia Txantreana eta San Fermin peñek iaz ez zutela "terrorismoa goratu" euskal presoak irudiak aterata. Peñek aurten pankartak beltzez margotuko dituzte, adierazpen askatasuna eta festa parte-hartzaileak aldarrikatuz. "Ea Udalak gogoeta sakona egiten duen", dio haien federazioak.

2010eko ekainaren 30a
16:11
Entzun
Nahiz eta Espainiako Auzitegi Nazionalak atzo ebatzi Armonia Txantreana eta San Fermin peñen iazko sanferminetako pankartek ez zutela "terrorismoa goratu" eta kasua artxibatu, Iruñeko Peñen Federazioak jakinarazi du aurtengo festetarako iragarri zituen protesta ekimenei eutsi egingo diela.

Izan ere, Federazioaren ustez, "sanferminak festa herrikoi, parte-hartzaile eta espontaneoak" izan daitezen "Udala trabak" jartzen ari da. "Gure festetan gure ohiturak nahi ditugu, gure musika, gure kultura, festak bizitzeko gure modua, eta horrek guztiak gain hartzea beste interesei. Herritarra izan dadila protagonista. Ea aurtengo protesten ondoren Udalak gogoeta sakona egiten duen".

2009ko jaietan Armonia Txantreana eta San Fermin peñen pankartetan euskal preso banaren irudiak agertu ostean abiatu zen auzia. "Indarkeria goratu" zutela eta, beraz, Espainiako Zigor Kodearen 578. artikulua urratu zutela iritzita, txosten bat helarazi zuen Iruñeko Udaltzaingoak epaitegira. Bide batez, Udalak diru laguntzarik gabe utzi zituen bi peñak.

Ekainaren 17an Peñen Federazioak jakinarazi zuen aurtengo sanferminetan euren pankartak beltzez margotuko dituztela, eta adierazpen askatasuna eta festa parte-hartzaileak aldarrikatuko dituztela. Uztailaren 11n, gainera, ez dira joango zezen-plazara.



Aldapa, Alegria de Iruña, Anaitasuna, Armonia Txantreana, Donibane, El Bullicio Pamplones, El Txarko, Irrintzi, La Jarana, La Unica, Los del Bronce, Muthiko Alaiak, Oberena, Rotxapea, San Fermin, Sanduzelai dira Iruñeko peñak. 4.513 bazkide dauzkate; batez beste, 282.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.