Badira 29 urte Iruñean, Orreaga etorbidean, Espainiako Poliziak German Rodriguez hil zuela, sanferminetan, eta "gertakizun haren oroimen historikoa estali eta baztertu ez dezaten", Hilarria Batzordeak Rodriguezen omenez hilarria jartzea eskatu izan du azken urteetan. Berriro jartzea, alegia, Udalak kendu egin zuelako duela bi urte, lur azpiko aparkalekua egin behar zuela argudiatuz, eta herritarrek berria jarri orduko berriro kendu zuen.
Nafarroa Baik hilarria berriro jartzeko mozioa aurkeztu du gaur udaletxean, eta, hark ez ezik, PSNk eta EAE-ANVk ere alde egin dute. Hiruren artean gehiengoa daukate -14 zinegotzi-. UPNk kontra bozkatu du -13 boto-.
Iruñeko Peñen Federazioko ordezkariak ere izan dira udalbatzarrean eta, Javier Lusarretak adierazi duenez, 1978ko sanferminak "tragikoak" izan ziren, "eta merezi dute gogoratzea".
UPN plaka jartzearen alde azaldu da, ez oroigarria ipintzearen alde. "Germanen aldekoa jartzea, Iruñean hilak izan diren beste batzuekiko injustizia da".
Argazkian, Hillarria Batzordeko kideak German Rodriguezen aldeko oroigarria jartzen aurtengo sanferminetan, Iruñean. (Argazki Press)
Iruñeko Udalak German Rodriguezen omenez oroigarria jarriko du
Nafarroa Baik, PSNk eta EAE-ANVk egin dute mozioaren alde, eta UPNk kontra. Espainiako Poliziak 1978ko sanferminetan hil zuen Rodriguez, eta Udalak bi aldiz kendu izan du haren aldeko hilarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu