geneRO INDARKERIA

Iruñeko Udalaren babesa eskertu du Asun Casasolak

Nagore Laffage zenaren amak garrantzitsutzat jo du erakunde horrek egindako urratsa; gizarteak aurrera egin behar duela erantsi du: "Ezetz ezetz da". Argentinan frankismoaren kontrako kereila bultzatu zutenei babesa adierazi die Joseba Asironek.

Nagore Laffageren oroimenezko iazko elkarretaratzea, Gazteluko plazan. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
edurne elizondo
2015eko ekainaren 23a
12:41
Entzun

2008ko sanferminetan hil zuen Jose Diego Illanesek Laffage. Geroztik, herritarren babesa eta elkartasuna jaso du haren familiak. Iruñeko Udalaren jarrera, ordea, epela izan da beti. Hainbatetan salatu du Astelehen Lilak elkarteak erakunde horrek sanferminetan Laffage gogoratzeko saioak oztopatu izana. Aurten, ezberdina izanen da egoera. Astelehen Lilak elkarteko kide da Asun Casasola ere, eta Tere Saezekin batera ezagutarazi du gaur udalak bat egin duela elkarteak egindako eskaerekin.

Ondorioz, besten programan gogoratuko du Iruñeko Udalak Laffage, eta eraso sexisten aurkako testua jasoko du, gainera. Uztailaren 5ean, urtero bezala, elkarretaratzea eginen dute Irungo gaztearen omenez, Gazteluko plazan, eta udalak erran du parte hartuko duela. Uztailaren 7an, berriz, Laffage hil zuten egunean, udaletxeko fatxadan agertuko da eraso sexisten aurkako Ezetz ezetz da leloa, eta lilaz ikusi ahal izanen da pareta.

Astelehen Lilak elkarteko Tere Saez ere kontent agertu da Iruñeko Udalak erakutsitako jarrerarekin eta emandako babesarekin: “Denok dugu bestak gozatzeko eskubidea; eraso sexistarik gabeko sanferminak nahi ditugu, eta hori lortzeko urratsak egiten ari gara”.

Babesa, Argentinako kereilari

Horrez gain, Joseba Asiron Iruñeko alkatea Carlos Slepoy abokatuarekin eta Sanfermines 78 Gogoan ekimenarekin bildu da gaur, eta egiten duten lanarekiko babesa adierazi die. Bi horiek frankismoaren krimenak ikertzeko kereilan German Rodriguez Espainiako Poliziak 1978ko sanferminetan hil zuen gaztearen hilketa ikertzeko eskatu dute, eta Asironi eskatu diote Iruñeko Udalak akusazio modura parte hartzea.

Asironek "biktimak, memoria, justizia eta erreparazioarekiko konpromisoa" berretsi du, eta babesa adierazi die egiten ari diren lanagatik. Egindako eskaeraren aurrean azaldu du Udaleko zerbitzu juridikoei eskatuko diela aukera hori aztertzeko, eta horren baitan erabakiko duela. Slepoy eta Rodriguezen aldeko ekimena Ainhoa Aznarez Parlamentuko presidentearekin eta hainbat talde parlamentariorekin ere bildu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.