Garraiolarien greba

Iruñeko Volkswagenek ere gelditu egin behar izan du, hornikuntza faltagatik

Irizar Ormaiztegiko autobus kooperatiban ere ez dira lanean ari gaur. Beste hainbat enpresek ere gelditzeko erabakia hartu dute.

2008ko ekainaren 11
19:01
Entzun
Garraiolarien greba dela-eta hainbat saltoki eta enpresatan hornikuntza falta dago, eta gaur Iruñeko Volkswagenek gelditzeko erabakia hartu du. Enpresako arduradunek gaur langileei jakinarazi diete 14:00etatik aurrera ez joateko lanera. Lau mila lagunek egiten dute behar Landabenen, eta egunero 1.200 ibilgailu inguru ekoizten dituzte.

Nafarroan bertan BSHk, KYBSEk edo Luzuriaga enpresa handiek ere gelditu egin behar izan dute, arrazoi beragatik.

Gipuzkoan atzo Irizar Ormaiztegiko kooperatibak langileei esan zien gaur ez joateko lanera; Fagor kooperatiba ere geldirik dago. Baita Gasteizen Mercedes Benz ere; Michelinek, berriz, adierazi du beste egun baterako materiala baino ez duela.

Hornikuntza bermatzeko kamioiak babesten ari da Ertzaintza

Enpresetara-eta hornikuntza bermatzeko Ertzaintza kamioiak babesten ari da gaur; elikagaiak, osasun arloko produktuak, erregaia... garraiatzen ari dira kamioi horiek.

Altzairu enpresa batzuentzako materiala ere ari dira garraiatzen eta, material hori arriskutsua denez, segurtasuna bermatu nahian ere badabil Ertzaintza.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, oraingoz ez da liskarrik sortu. Gaur goizean ezezagun batzuek Rivabellosako (Araba) erregai enpresako giltzarrapoak silikonaz estali dituzte.

Nafarroan gaur iskanbilarik ez dela izan diote foruzainek.

Espainiako garraiolarien sindikatuek eta Gobernuak gaur ere bilera egin dute, Madrilen, baina ez dute akordiorik lortu.

Atxiloketa bat Irunen

Ertzaintzak Irunen (Gipuzkoa) kamioilari bat atxilotu du bart, pikete bat jo duelakoan. Baionara eta Donostia alderako noranzkoetan ehunka kamioi geratuta daude autobidean, garraiolarien grebagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.