komunikabideak

'Iruñerrian Auzolan', herri mugimendutik sortutako aldizkaria

Iruñerriko herri eta auzoetako informazioa, gaur-gaurko gaiak eta erreportaje mamitsuak landuko ditu, gaztelaniaz eta euskaraz.

Maialen Huarte
2009ko irailaren 10a
16:54
Entzun
Iruñeko orain arteko auzo eta herrietako bost aldizkariak (Txantrea Auzolan, Aldapa, Donibane, Ibaialde eta Ostoki) motz geratzen bide dira Iruñerria informazioz asetzeko. Hori dela eta, abian jarri dute Iruñerrian Auzolan proiektua. "Informazio hutsuneak bete ahal izanen ditugu, eta, auzo eta herrietatik harago iristeko, hilabetekaria izanen da", azaldu du Jon Orzaizek, Iruñerria Auzolan hilabetekariko zuzendariak. "Aldizkariak ditugun auzo eta herrietan indartsu gabiltza, baina gainontzean nabarmena da informazio hutsunea", gaineratu du.

Proiektuak informazioa eta gaur-gaurko gaiak bilduko ditu, auzo eta herrietako informazioa emateaz gainera. "Iruñerri osora zabalduko dugu, eta pentsatzen dugu bideragarria izan daitekeela ekonomia aldetik, betiere oreka bilatu nahian", adierazi du Orzaizek. Proiektua bideratzeko ideia aspalditik izan dute buruan. Nafarroako tokiko prentsaren elkarteak, Nafar Pressek, tokiko prentsen inguruko jardunaldiak antolatu zituen maiatzean, eta bertan Iruñerria Auzolan-i indarra eman zizkioten zenbait iritzi azaldu ziren. "Bertako adituek azaldu zuten eskualde naturalek izan behar zutela ardatza, ordu arteko aldizkariak batuta sortutako proiektua behar zuela izan". Hitz horiek bultzatu zituzten aurrerapausoa ematera, Orzaizen esanetan.

"Guztion arteko auzolana"

Iruñerrian Auzolan izenarekin sortu da proiektua. "Alde batetik, jende erdaldunak jakin dezan Iruñerriaren esanahia zein den, eta, bestetik, Auzolan abizena omenaldi moduan jarritakoa da, gure lehen aldizkaria gogoan: Txantrean Auzolan". Gainera, Orzaizen arabera, auzolanak oso ongi definitzen du haien izaera, "jende askoren arteko lana" delako hilabetekaria.

11 langile inguru dabiltza proiektu berriaren inguruan lanean: kazetariak, disenatzaileak eta komertzialak. Horiez gain, auzo eta herrietako laguntzaileak ere oso dira garrantzitsuak proiektuaren etorkizunerako, Orzaizen ustez. "Oraindik, sortu berria izanik, harremanen bila gabiltza zenbait herritan baina, beste zenbaitetan, baditugu jada lan talde indartsuak informazioa emateko prest". Hilabetekaria izanik, 92 orrialdeko aleak izanen ditu: "Auzo eta herrietako informazioaz gainera, erreportaje mamitsuak eta zenbait elkarrizketa ere izango dira". Proportzioan ariko direla ere azaldu du Orzaizek, "herriek eta auzoek euren tartea izan dezaten".

Gaztelaniaz eta euskaraz irakurri ahal izango dira hilabetekariko albisteak. "Orain arteko aldizkarietan bezala, euskararen presentzia %25ekoa izanen da", Iruñerrian dagoen egoera linguistikoa kontuan hartuta, oraingoz ez dute igoko portzentajea. Bestalde, harpidetza izanen dute banaketarako modu nagusia, baina kiosko eta dendetan ere salgai izanen dute.

Hilabetekaria, funtsean, herri mugimendutik sortutako ekimena da, Iruñerriko tokiko informazioa eskaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.