Iruñerrian ETB lurreko telebista digitalean (LTD) ikusteko Erreniegan hamabi mila euroko kostuarekin hedagailua jarri zuten lagunen kontrako zigor espedientea jarri du abian Espainiako Gobernuak, hedagailua baimenik gabe ipini zutela argudiatuta. Carmen Alba Orduna Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak hartu du neurria.
EAko militante batzuek jarri zuten dirua duela aste batzuk Erreniegan hedagailua paratzeko, eta, "gezurretan ibiltzea" egotzita, Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari ardurak hartzeko eskatu zieten. "Arazoa ez da ekonomikoa, arazoa borondate falta da", zioen urtarrilaren 11n Maiorga Ramirez Nafarroako EAko koordinatzaileak.
2009ko uztailean, Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak eta orduko Nafarroako Gobernuko lehendakari Miguel Sanzek protokolo baten bidez ETB1 zein ETB2 LTD bidez ikusi ahal izatea hitzartu zuten. Bi urte eta erdi geroago, ETBko bi kateak seinale analogiko bidez baino ezin dituzte ikusi nafarrek. Kostu ekonomiko osoa milioi bat eurokoa dela argudiatuta, Nafarroako Gobernuak Jaurlaritzak ordaintzea nahi du, eta Jaurlaritzak, berriz, Nafarroako Gobernuak ordaintzea.