komunikabideak

Iruñerrian ETB ikusteko hedagailua zigilatu egin du Guardia Zibilak

Maiorga Ramirezek salatu du "gehiegikeria" juridiko bat dela, eta Nafarroako eskuinaren "sektarismoa" adierazten duela gaitzetsi du

Berria.info
2012ko martxoaren 7a
19:23
Entzun

Azkeneko bi hilabete pasan Iruñerrian ETB lurreko telebista digitalean (LTD) ikusi ahal izan da, euskaltzale batzuek Erreniegan jarritako hedagailuari esker. Dagoeneko, ordea, ezin da ikusi, Guardia Zibilak zigilatu egin baitu.

Maiorga Ramirez Nafarroako EAko koordinatzailearen arabera, "bidegabekeria juridiko bat" da Espainiako Gobernuak egindakoa eta Nafarroako eskuinaren "sektarismoa" adierazten du. Gogoan hartu duenez, Nafarroa osoan euskara hutsezko telebista ikusi ahal izatea oztopatu du Nafarroako Gobernuak; orain, berriz, PPren exekutiboak EAko militanteek euren kabuz jarritako hedagailuaren aurka egin du. EAk neurri juridiko guztiak hartzea ("salaketa barne") aztertuko du, herritarrek askatasunez telebista ikusteko eskubidea eta hizkuntza eskubideak urratu direlakoan.

EAko militante batzuek hamabi mila euro ipinita ikusi ahal izan da ETB eremu hartan. Otsailaren hasieran haien kontrako zigor espedientea jarri zuen abian Espainiako Gobernuak, hedagailua baimenik gabe ipini zutela argudiatuta. Carmen Alba Orduna Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak hartu zuen neurria.

EAko kideek, "gezurretan ibiltzea" egotzita, Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari ardurak hartzeko eskatu zieten urtarrilaren 11n. "Arazoa ez da ekonomikoa, arazoa borondate falta da", zioen Maiorga Ramirez Nafarroako EAko koordinatzaileak.

2009ko uztailean, Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak eta Nafarroako Gobernuko orduko lehendakari Miguel Sanzek protokolo baten bidez ETB1 zein ETB2 LTD bidez ikusi ahal izatea hitzartu zuten. Bi urte eta erdi geroago, ETBko bi kateak seinale analogiko bidez baino ezin dituzte ikusi nafarrek. Kostu ekonomiko osoa milioi bat eurokoa dela argudiatuta, Nafarroako Gobernuak Jaurlaritzak ordaintzea nahi du, eta Jaurlaritzak, berriz, Nafarroako Gobernuak ordaintzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.