Iazko uztailaren 7an hil zuten Nagore Laffage Irungo gaztea (Gipuzkoa) eta pasa den astetik haren hilketari buruzko epaiketa egin dute Iruñeko Auzitegian -gaur amaitu da-. Asko dira Laffage sendiari babesa emate aldera egunero Irundik Iruñera joan eta auzitegi aurrean elkarrateratzea egin duten lagunak, Justizia Nagorerentzat lelopean. BERRIA.INFOk haiekin egin du Iruñera bidaia eta Arantzazu Urreaga Nagore Laffage zenaren lehengusuarekin hitz egin du, besteak beste.
Atzo, Irundik Nafarroako hiriburura joan zirenez gain, hainbat erakundetako ordezkariak ere bildu ziren elkarretaratzean eta emakumeek "ezetz" esateko duten eskubidea aldarrikatu zuten.
Epaia aste honetan jakinarazi dezakete
Auziaren epaia ostegunean edo ostiralean jakinarazi dezake epaileak. Hala ere, erabakia hurrengo astera arte luzatu daiteke. Izan ere, herri epaimahaia osatzen duten bederatzi kideetatik gutxienez seik ados egon behar dute epailearen erabakiarekin. Lau aukera daude adostasunera iristeko eta lortu ezean, prozesu guztia berriro errepikatuko litzateke.
Jose Diego Yllanes da ustezko hiltzailea eta pasa den astean berak hil zuela aitortu zuen. Yllanesek gaur, epaiketaren azken saioan, "barkamena" eskatu die Nagoreri, Laffageren sendiari eta orokorrean gizarte osoari. Asun Casasola Nagore Laffageren amak, berriz, barkamen hori ez duela "inork" sinisten adierazi du eta "espetxe zigorra ahalik eta txikiena izateko asmoarekin" egin duela.
Gaurko saioan, defentsa abokatuak aste beteko epaiketa ostean, bere ondorioak aurkeztu ditu. Haren ustez, ez dago profanazio deliturik. "Zigor Kodearen arabera gorpuaz iraintzea zigortzen da, eta hori ez da gertatu Yllanesen ekintza irrazionalean", adierazi du abokatuak. Ustez Yllanesek Laffageren gorpuari eskuko behatz bat moztu zion.
Defentsak zazpi urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat, erailketaren ordez homizidio edo giza hilketa izan zela esanda.
Fiskalak, bere aldetik, 17 urteko kartzela zigorra eskatu du Yllanesentzat. Hasiera batean 20 urteko zigor eskaera egin bazuen ere, eskaera murriztu egin du orain. "Yllanesek 126.000 euro jarri ditu biktimaren familiari emateko, eta hori egindako kaltearen aringarria da", argudiatu fiskalak.
Nagore Laffageren familia ordezkatzen duen akusazio partikularrak, berriz, akusatuarentzat 20 urteko kartzela zigorra eskatu du, erailketa egotzita.
emakumeen aurkako indarkeria
Irundik Iruñera, Nagore Laffage gogoan
Pasa den astean Irungo gaztearen hilketari buruzko epaiketa hasi zenetik, egunero autobusa irten da gaztearen herritik Iruñera han elkarretaratzea egiteko. Hainbat herritarrek egin dute bidaia hori eta BERRIA.INFO haiekin izan da. Nagore Laffage zenaren lehengusuarekin ere hitz egin du, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu