Zortzi hilabetez giltzapean eduki ostean, gaur egun behin-behinean libre dauden hiru errenteriar gazteez gain, beste beasaindar bat ere inputatuta dago, gaur arratsaldean Errenterian emandako prentsaurreko jendetsuan jakinarazi dutenez. Eta Fiskalak haiek preso sartzeko eskatu dio epaileari. Auzi horrekin lotuta, beste 11 lagunek ere deklaratu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean, urriaren 30ean, baina haiek auzitik kanpora gelditu dira azkenean.
Epaiketa egin aurretik, beren eskaera txostenak aurkezten ari dira aldeak. Epaiketa egin ostean erabakiko du epaileak haiei zein zigor jarri.
Auzia erabat bidegabetzat jo dute prentsaurrekoan agertu direnek, eta behin betiko ixteko eskatu dute.
Martxoaren 11n Iruñean manifestazio baten ondoren izandako istiluekin lotuta atxilotu zituzten errenteriako hiru gazteak. "Erakunde terroristako kide" izatea egozten die Fiskaltzak, baina egun hartan gertatutakoa ez dela "terrorismo" gisara kalifikatu behar berretsi dute auzipetuen senitarteko eta lagunek. Gainera, auzian, oinarrizko eskubideak urratu direla salatu dute; hau da, ez direla errespetatu "errugabetasun presuntzioa eta askatasunerako eskubidea".