Nafarroako Lurralde Auzitegiaren eskaerari entzungor eginez, Espainiako Gorenak ebatzi berri du Auzitegi Nazionalari dagokiola Errenteriako hiru gazteen aurkako auzia epaitzea, eta azken horretako epaile Carmen Lamelak eutsi egin dio haien aurka agindutako espetxealdiari. Lamelaren iritziz, martxoaren 11n Iruñean gertatutako istiluak "antolatuak" izan ziren, eta hortik ondorioztatzen du hiru gazteak askatuz gero, "berriz ere delituak egiteko prest" egogo liratekeela.
Ordea, oso bestela pentsatzen dute euren ingurukoek, eta hiru gazteak aske uzteko eskatu diote justiziari, Errenterian, Etorkizunaren alde lelopean, martxa isila egin dute ehunka lagunek hiru gazteen herrian. Biteri kalean sartu direnean, beste bi pankarta gehitu zaizkio hasierako leloari: Ez dira terroristak eta Asier, Endika eta Ruben askatu.
Udaletxe aurrean egin dute amaiera ekitaldia, eta bertan antolatzaileek salatu dute "sinestezinak" direla gazteei leporatzen zaizkien delituak. "Bidegabea eta zentzugabea da ezarri zaien zigorra. Batez ere, kontuan izanik Nafarroako Auzitegiak esan zuela egindakoa ezin zitekeela terrorismotzat jo", gogorarazi dute, eta gaineratu, Iruñean gertatu beharrean, beste tokiren batean jazo izan balira, istiluak ez zirela berdin epaituko. Horiek hala, atxikimenduak eskatu dizkiete bai politikariei eta baita instituzioei ere. Txalo zaparrada batekin amaitu da manifestazioa.
Babes ugari
Dagoeneko jaso dituzte lehen atxikimenduak Errenteriao hiru gazteen alde. Esaterako, maiatzean Errenteriako alkate Julen Mendozak (EH Bildu), eta Xabin Olaizola (HB), Adrian Lopez (PSE-EE) eta Juan Carlos Merino (PSE-EE) alkate ohiek ere eskatu zuten auzia "epaitegi arrun batek" epai dezala, erabakia "neurrikoa" izan dadin.