Tentsio egunak izaten ari dira Iruñeko Alde Zaharrean, Maravillas gaztetxearen kaleratze arriskua dela eta. Horren aurrean, Iruñeko Alde Zaharreko bizilagunek eta hamaika kolektibok, batzar baten ostean, elkarretaratzea egin dute Nafarroako Artxiboen parean. Agerraldia egiteko arrazoia "gaztetxearen kaleratze aukerak sortutako kezka" izan dela azaldu du Ander Perez auzokideak.
Agerraldian hiru ideia nabarmendu dituzte. Lehena, Alde Zaharrean gaztetxe bat egoteko beharra dagoela nabarmendu dute. Are gehiago, gaztetxearen gaia urteetan auzoan egindako parte hartze prozesuetan eta auzokideen topaketetan atera izan dela adierazi dute. Bigarrenik, Nafarroako Gobernua eta Maravillas gaztetxeko kideak hitz egitera deitu dituzte, egoerari konponbidea emateko. Betiere, elkarrizketa publikoa eta gardena izanda. Azkenik, "poliziaz betetako kaleak" ikusi ahal izan direla eta, adierazi dute ez dutela onartuko "gaztetxean dauden pertsonengan arriskua eragin dezakeen kaleratze bortitzik".
Adierazpena honako hauek babestu dute: Iruñeko Alde Zaharreko Auzo Elkarteak, Alde Zaharreko Jai Batzordeak, Auzoenea elkarteak, Aldezar elkarteak, Piparrikak, Zabaldik, Alde Zaharreko Erraldoien Konpartsak, Alde Zaharra Bizitzeko, Pisutekak, Iruñeko AHT Gelditu-k eta Alde Zaharrera eragileek eta dozenaka auzokidek.