Poliziak etorkinei gero eta maizago egiten dizkien nortasun identifikazioen aurka elkarretaratzea egin du M-15 mugimenduak Iruñean. Legez kanpoko pertsonarik ez dagoela aldarrikatu du, eta sarekadak eta kanporatzeak gelditzeko eskatu.
Arrazakeriaren eta mendebaldeko herrialdeek inposatzen dituzten mugen aurkako sirena hotsak ozen entzun ziren Iruñeko autobus geltokiaren kanpoaldean atzo eguerdian. Inguruan zebiltzan herritarrek harriturik begiratzen zuten, zalaparta nondik heldu zen asmatu ezinik.
Hogei bat pertsona, lan jantzi zuriak soinean jantzita eta aurpegia maskara zuriz estalita, geltokiko sarreran jarri ziren. Erbesteratzeak, arriskua leloa idatzia zuen pankarta bat zabaldu zuten elkarretaratuek. Bozgorailutik berriro ere sirena hotsak entzun ziren. Elkarretaratuek «pertsona bakar bat ere ez da legez kanpokoa» oihukatzen zuten behin eta berriro. Bat-batean, «denok paretaren aurka» entzun zen bozgorailutik, eta geltokiko beirategiaren kontra jarri ziren kontzentrazioan zeudenak.
Legez kanpokoak izanda ere polizia guztiek egiten dituzten atzerritartasun kontrolak salatu nahi izan zituzten protesta ekintza horretan. Autobus geltokia aukeratu zuten, bertan maiz egiten dituztelako kontrolak. «Egunero hainbat nortasun identifikazio arrazista egiten dira hemen», salatu zuen Jabier Indurain M-15 mugimenduko kideak. «Atzerritarrei egiten zaizkien kontrolak legez kanpokoak dira, eta Espainiako Barne Ministerioak ukatu egiten ditu. Baina polizia bati zertan ari den galdetzean, atzerritarren kontrola egiten ari dela azaltzen dizu».
Paperak eskatzeko lehen pausoa kate baten aurreneko begi zoroa bihurtu da. Etorkinek agiriak behar bezala ez badituzte, atxilotu egiten dituzte. Atxiloaldiak 72 ordu iraun dezake, eta gero atzerritarrak etxe batzuetara eramaten dituzte, behin-behinean bertan egon daitezen. 60 egun egon daitezke bertan; gero, maiz, berehala kanporatzen dituzte. «Etorkinak gero eta beldur gehiago dute. Ez dute kalera atera nahi, gero eta kanporatze gehiago egiten ari direlako. Joan den urtean 68 lagun kanporatu zituzten Nafarroan bakarrik».
Kanporaketez gain, atzerritarrak behin-behinean egoteko etxeetan gertatzen dena salatu du mugimenduak. Etxe horietan sartzen dituzten etorkinen %30 bakarrik kanporatzen ditu Espainiako Gobernuak. «60 egun egoten dira etxe horietan, alferrik, deus egin gabe, egoera tamalgarrian eta pilatuta. Gero,txintik esan gabe kalera botatzen dituzte».
Krisiak egoera areagotu du
Krisiak agiriak behar bezala ez dituztenen egoera okertu egin duela salatu dute. Kontrol gehiago daude, eta langabezian gelditu diren askok ezin dituzte paperak berritu ez dutelako lanik aurkitzen. «Lanik gabe gelditzen direnek ezin dute bizileku baimena berritu. Gurean urteak daramatzate, urtez urte paperak arazorik gabe berritzen, baina langabezian gelditzean, paperik gabe daude. Bat-batean, egoera irregular batean daude, eta noraezean», azpimarratu du Indurainek. Iruñean ez dira hiri handietako «sarekadak» gertatzen, baina kontrolak gero eta maizago gertatzen ei dira: autobus geltokian, Descalzos kaleko igogailuan, tren geltokian eta Zapateria kalean. SOS Arrazakeriak eta Caritasek han dituzte egoitzak. «Atzerritarren aurkako kontrolak egiten dira, eta edonork ikus ditzake. Hazpegi jakin batzuk dituen jendea bakarrik gelditzen dute poliziek, eta behin eta berriro».
Elkarretaratuen artean paperak dituzten etorkinak ere baziren. Tartean Cecilia Tema, Perutik Iruñera bizitzera etorritako emakumea. Hemezortzi urte daramatza Nafarroan. «Oraindik ez naute gelditu, baina horrek ez du esan nahi ez nautenik geldituko. Baditut kontrol arrazistak nozitu dituzten lagunak. Aurpegiera afrikarra, asiarra edo latinoamerikarra baduzu, geldiarazi egiten zaituzte». Protesta ekintzak Descalzos kalean jarraitu zuen, eta M-15 mugimenduak Gazteluko Plazan duen kanpaldian bukatu zen.
Iruñeko autobus geltokian «kontrol arrazistak» gelditzeko eskatu dute
Paperik gabekoen kanporatzeak salatzeko, elkarretaratzea eta kalejira egin dituzte Iruñean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu