Iruñeko auzoak, Olentzeroren jairik gabe

Jai batzordeek bertan behera utzi dituzte ekimen denak, udalak lau auzo baimenik gabe laga eta gero

Olentzerori harrera egiteko kalejira, iaz, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2010eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Iruñeko auzoetako jai batzordeek eta Gora Iruñea plataformak Olentzeroren ongietorri jaiak ez antolatzea erabaki dute. Azaroaren 19an eskatu zuten Olentzeroren omenez jaiak antolatzeko baimena. Astearte honetan, ordea, Olentzero Iruñeko auzoetara iristeko bi egun gelditzen zirenean, Iruñeko Udalaren erantzuna jaso zuten: Arrosadia, Txantrea, Arrotxapea eta Donibane auzoetako Olentzeroren ospakizunak ez ditu debekatu; baimenik ere ez die eman, ordea. Lau auzo horietan ospakizuna antolatzeko baimena emateko ardura bere gain hartzeko eskatu dio Iruñeko Udalak Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzari. Izan ere, jai horietan aurreko urteetan euskal presoen aldeko ikurrak erakutsi zituztela argudiatu du. Ordezkaritzak erantzun du, ordea, ez dela bere egitekoa jai horiek baimentzea. Ataka hori dela eta, jairik ez antolatzea erabaki dute jai batzordeek.

2009ko abenduaren 31n argia izan zen Ana Elizalde UPNko kidea: «Terrorismoa goraipatzen duen Olentzerorik ez da izango». Hortaz, horregatik erabaki du orain auzo horietako baimenaren ardura bere gain ez hartzea. Izan ere, Iruñeko Herri Segurtasun sailak adierazi du Arrosadiko, Txantreako, Arrotxapeko eta Donibaneko Olentzeroren kalejirak «aldarrikapenentzako bilerak» direla eta Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzaren ardura dela horien gaineko ebazpena ematea.

Nolanahi ere, Espainiako Gobernuko ordezkariak, eskaera aztertu, eta udalaren esku utzi du berriro baimenak emateko ardura. Elma Saiz Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariak esan du ez dagoela bere esku Olentzeroren inguruko ekimenak baimentzea, izan ere, ospakizun klase horiek ikuskizun publiko eta denbora-pasa jarduerak baimentzen dituen foru legearen barnean daudela dio.

Jaia, bertan behera

Jai batzordeek ezin izan dituzte oztopo horiek guztiak gainditu, eta Olentzeroren ongietorri jaiak ez antolatzea erabaki dute. Urko Montoia Txantreako jai batzordeko kideak adierazi duenez, Olentzeroren omenezko kalejirak, egitekotan, beste norbaitek egin beharko ditu. Gainera, baimenen zain hilabete egin dutenez, ezer gutxi antolatu ahal izan dutela ohartarazi du Montoiak.

Olentzeroren jaiak debekatzeak hauteskunde garaiarekin bat egin duela uste du Montoiak. 2006an aurtengo egoera «berdinean» egon ziren. Azken urteetan, oztopoak, debekuak, salaketak eta abar jasan behar izan dituzte sarritan auzoetako jai batzordeek.

Iruñeko Udaleko NaBaiko zinegotziek ere salatu dute Yolanda Barcina Iruñeko alkateak «hauteskunde kanpaina» egiteko erabiltzen dituela Olentzeroren jaien debekuak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.