Indarkeria matxista

Iruñeko erasotzaile taldeko militarrari lanera itzultzeko baimena eman dio Defentsak

Ministerioak adierazi du ezin duela itzultzea eragotzi, baina ziurtatu du ez diola inolako lantokirik egokituko. Alfonso Jesus Cabezuelo bederatzi urteko espetxera zigortu zuen Nafarroako Auzitegiak, 2016ko sanferminetan emakume bati taldean sexu erasoa egiteagatik. Behin-behinean aske utzi zuen auzitegiak ekainean, gainontzeko kondenatuekin batera. Bestalde, Espainiako 750 epailek auziko epaiaren kontrako "presio soziala" salatu dute.

Alfonso Jesus Cabezuelo Iruñeko sanferminetako erasotzaile taldeko militarra, uztailaren 2an, Sevillako (Andaluzia, Espainia) guardiako epaitegira bidean. RAUL CARO, EFE
2018ko uztailaren 11
18:22
Entzun

Iruñeko erasotzaile taldeko kideetako batek, Alfonso Jesus Cabezuelok, lanera itzultzeko baimena eskuratu du, Espainiako Eldiario.es hedabideak argitaratu duenez. Espainiako Denfentsa Ministerioak indargabetu egin dio eginkizunetarako ezarri zion etena, hedabide digitalak jakinarazi duenez.

Hala, Cabezuelo lantoki berria egokitu zain geldituko da. "Lurreko Armadaren pertsonaleko jeneral nagusiaren zerbitzura gelditzen da, eta Sevillako Defentsa ordezkariordetzaren eragin administratiboetara atxikia", jaso du Defentsa Ministerioaren buletin ofizialak.

Defentsaren erabakia ekainaren 22az geroztik dago indarrean. Hilabeteko epean, aukera izango da erabakiaren kontrako gorako errekurtsoa aurkezteko.

Ministerioak azaldu du ezin duela eragotzi etena indargabetzea, araudiaren arabera, gehienez ere sei hilabetez luzatu baitaiteke neurria, epaia irmoa ez den artean. Hala ere, ziurtatu duenez, Cabezudori ez dio inolako lantokirik egokituko du, Karrera Militarraren Legeko 111.3 artikuluari jarraiki. Artikulu horretan oinarrituta, Defentsa Ministerioak Cabezuelori debekatu egin diezaioke lantoki bat eskatzea edo hari lantoki bat egokitzea.

Efe albiste agentizak apirilean jakinarazi zuen Cabezuelo ez zutela Espainiako Armadatik kanporatuko haren kontrako epaia irmoa izan artean. Irizpide bera jarraituko du Guardia Zibilak ere Antonio Manuel Gerrero erasotzaile talde bereko guardia zibilarekin. Biei lan eginkizunak eteteko erabakia hartu zuten, baina Cabezueloren kasuan atzera egin du Defentsak.

750 epaile kexu

Espainiako 750 epailek kexa aurkeztu diote Epaile Europarren Kontsultarako Kontseiluari, 2016ko sanferminetako sexu erasoaren auzian Justiziak eman zuen epaiaren kontrako "presio soziala" salatzeko. Kexa aurkeztu duten epaileek ohartarazi dute Espainiako sistema judizialaren independentzia arriskuan dagoela, haren aurkako "mehatxu larria" sortu delako. Beren esanetan, auzia epaitzeko ardura izan duten epaileek "lintxamendu publikoa" jasan dute, politikarien babesarekin.

Epaile salatzaileek kontseiluari galdegin diote argitu dezala Espainiako Gobernuaren eta Botere Legegileko hautetsien jarrera "Botere Judizialaren eta haren Kontseilu Nagusiaren independentzia eta zilegitasunaren kontrako erasoa" izan ote den.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.