BERDINTASUNA

Iruñeko Harrotu LGTBI zerbitzua kamustu nahi du Navarra Sumak

Nafarroako LGTBIQ kolektiboak salatu du Iruñeko Udalaren erabakiak zerbitzua kamustu eta hiru langile kalean utziko dituela. Udalak erantzukizun guztia egotzi dio Nafarroako Gobernuari, eta gaineratu du gunea zabalik mantenduko duela "elkarteen topaleku" gisa

LGTBIQ kolektiboko eragileen elkarretaratzea, gaur, Iruñeko udaletxe plazan. ION ORZAIZ
Ion Orzaiz.
2019ko abenduaren 16a
16:48
Entzun

Berdintasun politikak ere bai. Navarra Suma Iruñeko alkatetzara itzuli zenetik, aurreko legealdian eginiko bidea desegiteko lanean aritu da Enrique Maia alkatea. Orain, sektorean aitzindari izandako Harrotu LGTBI gunearen funtzioak murriztuko dituela jakinarazi die udalak gunea kudeatzen duten eragileei. Erabakiaren berri eman dute Nafarroako LGTBIQ kolektiboko ordezkariek, Iruñeko Udal plazan eginiko elkarretaratzean.

Kattalingorri elkarteak kudeatzen ditu bai Iruñeko Harrotu gunea, baita Nafarroako Gobernuaren Kattalingune zerbitzua ere. Batak lehen arreta integrala, aholkularitza eta laguntza zerbitzu zuzena eta anonimoa eskaintzen die hiriburuko LGTBIQ kolektiboko kideei. Besteak, berriz, aholkularitza, informazio eta laguntza zerbitzu orokorragoa eskaintzen du, Iruñea ez beste udalerri guztietako bizilagunentzat.

Orain, bi zerbitzu daudela argudiatuta, bere gain dagoena murriztuko du Navarra Sumak; Iruñekoa, alegia. Zerbitzua "bikoiztua" dagoela esan zien Iruñeko Udalak Kattalingorri elkarteko arduradunei, abenduaren 12an eginiko bileran. Hiriburuko arreta zerbitzua eteteak, baina, ondorio "larriak" izanen dituela salatu dute LGTBIQ kolektiboko kideek. Besteak beste, nabarmendu dute hiru langile kalean geldituko direla.

"Kattalingorriren lantalde urriak ez du baliabiderik Iruñeko zerbitzua bere gain hartu eta arreta hori eskaintzeko", adierazi dute elkarteko ordezkariek. Horretara behartuko balituzte, beste zerbitzu batzuen kaltetan izanen litzatekeela gaineratu dute: "Landa eremuan ematen dugun zerbitzua, adibidez, bertan behera geldituko litzateke". Kattalingorriko kideek ez dute uste zerbitzua "bikoiztuta" dagoenik: "Osagarriak dira biak ala biak". 

Iruñeko Udalaren erantzuna

LGTBIQ kolektiboak agerraldia egin eta gero, oharra bidali du Iruñeko Udalak. Horretan, azpimarratu du Harrotu zerbitzuari eutsiko diola 2020tik aurrera ere, baina "elkarteentzako espazio gisa", eta kontratu berri batekin. Funtzio nagusia kenduko diote, beraz, zerbitzuari: arreta, sexu aholkularitza eta laguntza juridikoari dagokiona, alegia.

Udalak Nafarroako Gobernuari eta Berdintasunerako 8/2017 Foru Legeari egotzi die kontratu aldaketaren ardura. "Nafarroako Gobernuak eskuduntza gehiago hartu nahi dituela jakinarazi zion udalari, eta hortik dator eredu aldaketa. Nafarroako Berdintasun Institutuak egoera berria jakinarazita, eta zerbitzuaren bikoiztea ekidite aldera, Iruñeko Udalak trantsizio epe bat zabalduko du orain, jarduerak gobernuaren esku uzteko".

Nafarroako Gobernuaren zerbitzua, baina, Kattalingorri elkarteak eskaintzen du, eta salatu du "asko falta zaiola oraindik, benetako zerbitzu publiko bat izateko, ez baitu baliabiderik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.