Sagrario Alemanek eta Asier Biurrunek aurkeztu dute kanpaina. Alemanek berri ontzat jo du Iruñean euskarazko beste bi haur eskola izatea, "herritar gehiagori emanen baitzaio aukera haien txikiak elebidunak izan daitezen oinarri on bat eskuratzeko". Hala ere, gogorarazi du Nafarroako Gobernuak Iruñean dituen bost haur eskoletatik batek ere ez duela euskarazko eskaintzarik egiten, eta auzo gehienetan ez dagoela euskaraz matrikulatzeko aukerarik.
Martxoaren 7tik 18ra bitartean, hainbat boluntario izango dira Erraldoien txokoan, lehen aldiz haurrak matrikulatzen dituzten gurasoei informazioa emateko. Bertan izango dira hainbat lagun ezagun; tartean, Julian Iantzi aurkezlea, Oier Sanjurjo kirolaria eta Zaldi Eroa marrazkilaria.
Datorren ostiralerako, berriz, hainbat ekitaldi prestatu dituzte. Donibanen, 17:00etatik aurrera, zezen gurpildunak, haur jolasak, txokolate jana eta beste izango dute, eta 17:30ean talde argazkia egingo dute. Arrosadian, berriz, kalejirara deitu dute; Hegoalde ikastolatik abiatuko da, eta Printzearen Harresia haur eskolan amaitu.