"Errealitate hau baino arazo askoz sakonagoak ditugu". Horrela erantzun dio Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak Iruñean irekitzekoak diren euskarazko bi haur eskolen inguruko galdera bati. Barkosek azpimarratu du hamazazpi haur eskola publikoetatik lau baino ez direla euskarazkoak izango, "nahiz eta eskaera hori urteetakoa izan".
Barkosek azaldu du ulertzen dituela euskarazkoak izatera igaroko diren haur eskoletako gurasoentzat aldaketak eragingo dituen eragozpenak, baina ukatu egin du euskararen presentzia "neurrigabea", eta galdetu: "Zergatik egin nahi dugu euskara nafarren arteko gatazka elementu?".
Gainera, horrelako gaiei "datuekin eta errealitatearekin" erantzun behar zaiela uste du, "seriotasun handiarekin lehen unetik".
Iruñeko Udalak duela bi aste jakinarazi zuen Donibane eta Printzearen Harresi haur eskolak euskarazkoak izatera igaroko direla datorren ikasturtean. Maider Beloki zinegotziak azaldu zuen gurasoen eta euskalgintzaren eskariari erantzuten diotela horrela, eta udal gobernua babesten duten lau alderdiekin (EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerra) adostu dutela erabakia.