Hezkuntza

Iruñeko haur eskoletan euskarazko eskaintza murrizteko asmoa agertu du Maiak

Ikasturtearen aurkezpen ekitaldia egin dute gaur Iruñean. Enrique Maia alkateak adierazi duenez, “euskarazko eskaintza asko dago dagoen eskari urrirako”. Hori dela eta, moldaketak aurreikusi ditu datorren ikasturterako.

Iruñeko haur eskolen ikasturte berriaren aurkezpena, Hello Egunsenti ikastetxean. IRUñEKO UDALA
2019ko abuztuaren 19a
17:01
Entzun

Hasi da ikasturte berria txikienentzat. Iruñean gaur izan dute lehen eguna 0 eta 3 urte bitarteko 900 haurrek. Hello Egunsenti ikastetxean izan da ikasturte berriaren aurkezpena, eta ordezkari ugari izan dira; horien artean, Enrique Maia Iruñeko alkatea, Fernando Sesma Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko presidentea, Alfredo Hoyuelos erakunde bereko gerentea eta Ines Zazu zuzendari teknikoa.

Eraikuntza lanak amaitu berri dituzten ikastetxean egin dute aurkezpena; izan ere, Iruñeko Udalak diru laguntza bat eman zion Hello Egunsenti ikastetxeari, eraikinak arautegia bete zezan eraikuntza lanak egin ahal izateko –570.000 euroko aurrekontua eman zion–. Halaber, 32.000 euroko diru laguntza eskaini du Iruñeko Udalak ikastetxe guztiek beren elikadura menuak molda ditzaten eta osasungarriagoak egin ditzaten. Aurrez, 20.000 euroko aurrekontua bideratu zuen horretara.

Euskarak ere izan du txokorik ikasturte berriaren aurkezpenean. Maia alkatearen esanetan, moldaketak jasan ditzake heziketa ereduak: "Euskarazko eskaintza asko dago dagoen eskari urrirako". Hala, udalbatza berriak eskura dituen datuetara egokituko den heziketa eredua martxan jartzeko asmoa adierazi du, nahiz eta oraindik definitzeke dagoen xedea izan.

Aurreikuspenen arabera, hurrengo ikasturtean egingo lirateke aldaketa horiek. Euskararen eskaintza murriztu bakarrik ez, ereduak birplanteatzeko nahia azaleratu du alkateak; haren arabera, nabaria baita "euskarazko eredu mistoen gabezia". Hutsune horren arabera, ez dago gaztelaniarekin edo ingelesarekin uztartzen den euskarazko heziketa eredurik, eta bi hizkuntza uztartze horrek "familiak euren haurren heziketarekiko erosoago senti daitezen" egingo luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.