Epaiketa

Iruñeko istiluko gazteak babestu dituzte, epaiketaren atarian

Astelehenean eta asteazkenean epaituko dituzte, Espainiako Auzitegi Nazionalean, "desordena publiko terroristak" leporatuta. Zazpina urte espetxe zigorra galdegin du fiskaltzak haietako bakoitzarentzat.

Errenterian eginiko elkarretaratzea; lehen lrroan, auzipetuen gurasoak. JON URBE (FOKU)
Berria
2018ko maiatzaren 18a
10:18
Entzun

Elkarretaratze jendetsua egin dute Errenteriako udaletxeko plazan (Gipuzkoa), hango hiru gazteren eta Beasaingo (Gipuzkoa) beste baten aurka astelehenean hasiko den epaiketa salatzeko.

Hangoak dira Asier Petrirena, Ruben Iglesias eta Endika Etura. Istiluen egunean atxilotu zituzten, eta zortzi hilabete egin dituzte preso, Iruñeko espetxean. Baldintzapean aske daude iazko azarotik. Beasaingoa (Gipuzkoa) da Julen Prado. Denera hogei bat lagunek deklaratu dute instrukzio fasean.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko 2. Sekzioak epaituko ditu. Fiskalak "desordena publiko terroristak" leporatzen dizkie: zazpina urteko espetxe zigorrak galdegin ditu, eta hamahiruna urterako inhabilitazioak eta 45.000 euroko isuna.

Kale istiluak terrorismoarekin lotzeko, Zigor Kodeko 573. artikuluan oinarritu da fiskala. "Bake publikoa larriki aztoratzea" leporatu die. Ezker abertzalearen ildo ofizialetik kanpo kokatu ditu Errepresioari Autodefentsa dinamika eta auzipetuak. Sektore horrek "kale borroka" babesten duela dio.

Iazko martxoaren 11n, Errepresioari Autodefentsa dinamikak manifestazio batera deitu zuen Nafarroako hiriburuan, "herri eragileen aurkako eraso errepresiboak" salatzeko. Alde Zaharrean, istiluak izan ziren han zeuden gazte batzuen eta polizien artean. Lau pertsona atxilotu zituzten. Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegiko epaileak haietako hiru espetxeratu zituen, eta "terrorismo" delituak leporatuta, Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuen auziaren instrukzioa, Nafarroako Probintzia Auzitegiaren iritziaren kontra. Carmen Lamela epaileak hartu zuen kasua —Altsasuko auziko instrukzio epaile berak—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.