Preso bat bere buruaz beste egiten saiatu da Iruñeko kartzela berrian, eta erietxean hil da, Salhaketak jakinarazi duenez. Urterik ez da Nafarroak eta Arabak espetxe berriak estreinatu zituztela, eta dagoeneko hiru behintzat badira haietan hildako presoak. Zaballako kartzelan (Iruña Oka, Araba), bi preso hil ziren joan den ekainean —iazko abenduan hasi zen kartzela berria lanean—. Eta Iruñeko kartzela berrian preso bat hil berri dela jakinarazi zuen Salhaketak herenegun —ekainaren 18an eraman zituzten lehen presoak Iruñeko espetxe berrira—. Lehen aldia da, beraz, Nafarroako kartzela berriko preso bat hiltzen dena.
Orain zendutako presoaren familiarekin eta abokatuarekin hizketan ari da Salhaketa, zer gertatu den erabat argitzeko. Hala ere, taldeak baieztatu du presoa bere buruaz beste egiten saiatu zela joan den asteazkenean; zainak ebaki zituen, eta horretarako erabili zuen bizar xafla gero irentsi egin zuela azaldu du Salhaketak. Presoa atzemandakoan, erietxe batera eraman zuen Espainiako Poliziak, Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak adierazi duenez. Espetxeetako Zuzendaritzak ukatu du presoa kartzelan zendu zela. Erantsi du zainak ebakitzean eginiko zauria arina zela, eta ez zuela larritasunik. Hala ere, bizar xafla kentzeko ebakuntza egiten ari zitzaizkiola hil zen presoa, Espetxeetako Zuzendaritzaren arabera.
Berez arazorik eman behar ez lukeen ebakuntza baten ondorioz hil da presoa, Espetxe Zuzendaritzaren hitzetan, beraz. Baina bestela ulertu du Salhaketak: xafla irentsita presoa bere buruaz beste egiten saiatu zela eta, ebakuntza egiten ari zitzaizkiola hil edo lehenago, heriotzaren kausa hori izan dela.
«Heriotza sententzia»
Suizidiorik ez dela gertatu esatea «irain» bat da, Nafarroako Salhaketaren hitzetan. Heriotza honek erakusten du kartzeletako araudia ez dela «gizatiarra», eta espetxeek hil egiten dutela: «Heriotza sententziak ezartzen ditu, azken buruan». Espetxeetako Zuzendaritzari oroitarazi dio preso dauden pertsonen eskubideak eta bizitza zaindu behar dituela, bere betebeharra dela, eta kartzela zigorrak «gizarteratzeko» direla, «ez kartzelaldia heriotza batekin bukatzeko».
Hildako presoa orain gutxi eraman zuten Iruñeko kartzelara, Nafarroako hiriburuko auzitegi batean deklaratu behar zuelako. Auzitegiak autopsia egingo dio gorpuari. Familia eta abokatua ere ikertzen ari dira zer gertatu den zehazki.
Iruñeko kartzela berrian, lehen preso hila
Zainak ebakita bere buruaz beste egiten saiatu, eta erietxean zendu zen, ebakuntza egiten ari zitzaizkiola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu