Iruñeko espetxera oinez joan eta espetxeko eraikinaren aurrean protesta egin dute ehunka herritarrek, Nafarroako Sarek deituta. «Berriz ere mobilizatu gara, kalera atera gara». Eserita hasi dute protesta, baina adierazi dute ez direla eseri «nekaturik daudelako» baizik eta «protesta egiteko, gure haserrea adierazteko, sufrimenduari aski dela esateko, salbuespen egoerak asaldatzen gaituela adierazteko». Sareko bozeramaileek adierazi dute «planto» egiten diotela «sufrikarioari, urrunketaren erruleta errusiarrari, euskal presoen eskubide urraketei eta estatuen mendeku goseari».
Frantziako eta Espainiako gobernuei eskatu diete salbuespen legedia bertan behera utz dezatela, «behin betiko». Gogoratu dute COVID-19aren ondorioz «gogortu» egin dela euskal presoen bizimodua, «hainbat kasutan, muturreko egoeretaraino eramanaz presoen eta euren senideen egoera». Bisitak ezin izan dituzte egin, eta zenbait «motxiladun umek», adibidez, hiru hilabete igaro dituzte gurasoak ikusi gabe. Adierazi dute salbuespen legedia eteteko «borondate politikoa» behar dela, baina horretarako «gaur gaurkoz estatuen jarrera» ez dela «norabide horretan kokatzen».
Mobilizatzeko deia
«Guri dagokigu bultza egitea, guri dagokigu estatuak mugiaraztea eta zeregin horretan denak izan behar dugu parte», adierazi dute Iruñeko martxaren bukaeran, eta herritarrei eskatu diete mobilizatzeko: «Beharrezkoa da jendartearen aktibazioa». Sareren arabera, «sinestu» egin behar da «urratsak eman daitezkeela». «Presoak etxeratzeko bidean antolatu gaitezen, saretu gaitezen, ilusionatu gaitezen, eratu ditzagun Izan Bidea lantaldeak herri eta auzoetan». Salbuespen neurriak bertan behera uztea eta preso zein erbesteratuen «korapiloa» askatzea «herri, auzo, herrialde zein nazio mailan eginen ditugun harreman eta aktibaziotik etorriko dira», Sareren arabera.